Materiala metatzea

Posteak, kokatu behar ziren lekuetaraino eramatea lan neketsua izaten zen, guren mendietako erliebea zaila eta malkartsua delako. Poste horiek beren kokapenera eramatea linea-jartzaileen eginkizunetako bat zen.

XIX. mendeko hirurogeiko hamarkada arte, posteak mendietan zehar garraiatzea ohiz gurdibideetan eta bidezidorretan zehar egiten zen, baina beste batzuetan linea-jartzaileek beraiek ireki behar izaten zuten bidea baso hertsietan zehar. Posteak garraiatzeko gurdibideren bat erabiltzen zutenean, enbor luzeak garraiatzeko berariaz egokitutako idiez tiratutako gurdiak erabiltzen zituzten: mutur bat gurdian kateaz lotu eta beste muturra lurrean dandarrez. Posteak metalezkoak zirenean, desmuntatuta eramaten ziren gurdietan, baita postearen goi aldean edo buruan jartzen zen atala ere.

Hormigoizko posteak eramateko, pisu handiagoa zutenez, bi gurdi erabiltzen zituzten; bata, aurrekoa, idi pare batek edo bik tiratzen zuen, batzuetan hiru parek ere bai, eta atzekoa, atzekoz aurre jarrita, taldeko langile batzuek gidatzen zuten; horiek gurdiaren giderrari helduta eskuz mugitzen zuten gurdia, mendiko bideetan zehar aurkitzen zituzten bihurdura estuak gainditzeko.

Gurdirik erabili ezin zutenean, poste bat edo bi, bakoitza batez beste 200 kg ingurukoak, mandoen (arrak) gainean zamatzen ziren; hala eta hiru bat lagunek gidaturik (bata animalia gidatzen eta beste biak bakoitza zamaren mutur banatan), mendi-mazeletan gora igotzen zituzten egoki ziren maniobrak eginez.

Lineak jartzen ibilitako agure zahar batzuek diotenez, lan honetan ohitutako mando batzuek bere kabuz, gidarien laguntzarik gabe, egiten zituzten egin beharreko maniobrak, soinean zeramatzaten posteen (11 edo 13 metro luzerakoak) muturrak bide estuetan gora trabatu gabe eramateko. Beste batzuetan ezin izaten zuten posteak beren kokapeneraino eraman, eta orduan lau edo bost langileek eraman behar izaten zituzten sorbalda gainean hartuta. Baldintza horietan eta hain leku malkartsuetan ibili beharraz, talde batek egunean zehar bidaia gutxi egin ahal izaten zuen.

Metalezko posteen hormigoizko oinarriak egiteko behar zuten zementu, ur eta hartxintxarra ere mandoetan garraiatzen zuten; bizkar gainean egurrezko pare bat kaxoi jarri eta hor sartzen zuten zama guztia. Mando saldo bakoitzak egunean 250etik 300 kg inguru bitarte material (agregatuak eta ura) garraiatzen zuen, batzuetan 400 kg-ko zama eramaten bazuten ere.