Kableak jartzea

Prozesuaren hurrengo fasea isolagailuak jartzea zen. Horiek posteen goi aldeetan jartzen ziren, eskuko ginbaletaz egindako zulo haridunetan. Eta zuloak egiteko, langileek postean gora igo behar izaten zuten uhal batzuekin hanketara lotzeko tresna igokari batzuen (metalezko arku horzdunak) laguntzaz; linea-jartzaileak arku horzdun horiek egurrean sartzen zituen enborrean gora igotzeko, eta igo ahala beste uhal batzuekin lotzen ziren enborrera. Espezialista horiek poste gainetan horrela loturik lanean ikustea lanbide honen ezaugarria izan da.

Ibilbide osoan zehar posteak jarri ondoren, langile talde berak kableak jartzeari ekiten zion. Horiek haril edo bilkari handietan bilduta etortzen ziren, eta kamioietan eramaten ziren lineatik gertuen zegoen lekura arte. Kamioietatik jaitsi eta idiez tiratutako gurdietara edo premiazkotzat jotzen bazen mandoetara igotzen zituzten lineako poste hurbilenera eramateko.

Ondoren, kablea langile batzuen artean askatzen hasten ziren. Taldeak sorbalda gainetan jartzen zuten kablea eta ibilbidean zehar luzatzen hasten ziren.

Bi postetik bi postera, kablearen ertza poste gainera igotzen zuten (isolagailuekin egiten zuten modura) eta postearen gainean jarrita zeukaten txirrika batean sartzen; ondoren, luzatzen jarraitzen zuten. XX. mendearen erdialderaino, kable lodiak luzatu behar zituztenean, mandoak erabiltzen zituzten kableari tiratzeko, baita idiak ere. Lau edo bost langilek kobrezko kilometro bat kable luzatu ahal izaten zuten, betiere maldan behera.

Kableak tinkatzerakoan posteak eror ez zitezen, lurrean jositako haga batzuei (“pistolo”ak) lotutako sokekin eusten zieten. ).

Sarritan kablea lurretik herrestan luzatzerakoan, hori lurrean sartzen zen, luzatzeko lana astunduz; holakorik ez gertatzeko, behegainean, kablea herrestatu behar zuten lurraren gainean, alegia, zuhaitz adarrak jartzen zituzten elkarren artean gurutzatuz.

Behin kablea luzatuta zutelarik, ertza tinko lotu eta harila utzi zuten lekura itzultzen ziren; hor, eskuko txirrikak erabiliz tinkatzen zuten, harik eta poste batetik bestera tinkotasun egokia eman eta eskuan zituzten tauletan zehaztutako gezia lortu arte.

Poste batera igotzenPoste batera igotzen igokarien laguntzaz eta uhalaz posteari lotuz. Sorbaldan kablea (Julen Zabaletaren marrazkia).