Maisu eskulangilea

Alberto de Paz Vallinak (Santander, 1928) bere jaioterrian egin zituen oinarrizko ikasketak. 1945ean, 17 urte zituela, Trintxerpera (Gipuzkoa) joan zen, aita Rosendoren lan kontuak zirela eta. Saregile lanbidearen gaineko ikastaldi labur bat egin zuen bere osaba Manuel Tamargorekin, hau jarduera horretan espezializatutako eskulangile ezaguna baitzen.

Egoitza Pasai Donibanen zeukan Estela, S.A.n sartu zen 1946ko uztailaren 7an, “saregile-mutil” gisa, hilean 315 pezetako soldatarekin, eta 1947ko uztailaren 17an egin zioten Instituto Social de la Marina (ISM) deitu hartako alta. Enpresa horrek zurezko kroskoa eta 180 zaldi-potentziako motorra zeukaten Maite eta Málaga bikotearekin abiatu zuen bere jarduera. Guztira hamar ontzi (bi hirukote eta binakako bi) edukitzera iritsi zen. Argitu behar da, dena den, hiruko deituen kasuan bi ontzi aritzen zirela arrantzan, eta hirugarrenak portura eramaten zuela arrantzatua, atzera itzuliz arrantzan ari ziren beste ontzi biek behar zutena zeramala; ontzi horiek Eskoziatik iparrera aritzen ziren batez ere, eta bost bidaia-egun behar izaten ziren hara iristeko. Binakakoak, berriz, Frantziako kostaldean eta Itsaso Zeltikoan aritzen ziren.

Alberto de PazAlberto de Paz

Konpainia hondoko espezieen arrantzan zegoen espezializatuta, freskoko arrantzan (legatza, berruenda handia, oilarra, zapoa, bisigua...), eta 1970ean ontzi hauek zeuzkan: Arrospe, 151 erregistro-tonakoa, Borraska (136), Isla Santa Clara (108), Masertan (248), Oleaje (224), Rompeolas (240), Ulia (151), Ventiska (248), Igueldo (108), ;arekada (136).

Alberto de Paz maisuak 1987an hartu zuen erretiroa, zerbitzuak ematen zizkion enpresak bere azken ontziak saldu zizkienean Ondarroako (Bizkaia) armadore batzuei. Hala, guztira 41 urte egin zituen Estela, S.A.n, eta horietan zehar aditu mailara iritsi zen, sektorean ezaguna gainera, “Trawler” motako arrasteko arrantzarako aparailuak egiten.