Sareen sailkapena

Arrasteko sareak zenbait aldagairen arabera sailka daitezke. Erabiltzen den atoi motaren arabera, bou, baka edo binakakoak izan daitezke.

Bou klasikoak, arrapala daukaten ontzi modernoek ez bezala, alboetatik egiten du arrantzako lana, bai ababorreko bai istriborrekotik. Kubierta nagusia uraren mailaren parean egoten da ia-ia, eta bakarka aritzen denez arrasteko beste ontziek baino sare txikiagoak erabiltzen ditu; batez ere legatzetan eta bisigutan aritzen da, 200 metro baino gehiagoko sakoneran. Luzeran 40 metro inguru egiten ditu, eta motor nagusia 1.200 zaldi-potentzia ingurukoa izaten da; egiten duten lanerako gaur egun dauden beharrezko elementuez hornituta egoten dira, baina patroiaren eskarmentua funtsezkoa da oraindik ere.

EAEn erabili ohi den bakak, klasiko esaten diogu horri, albo bakar batean daramatza arrasteko bibietak, eta normalean urruneko kaletan aritzen da arrantzan, Kanarietan eta Hegoafrikan esaterako. Egitura eta ekipamendua bou klasikoarenaren berdinak dira, alde bakarra baitute albo librea itxita egotea zubiko kubiertaren pareraino, eta pasarela zabal batez errematatuta egotea, kubierta hori gaztelukoarekin lotzen baitu, arrain-zakua kubierta nagusian hustea ahalbidetzen duen sargune batez. Bakak bi soto dauzka. Txopakoan kaxetan biltzen dute arraina, eta bestean kutxa hutsak eta arrantzaldian zehar kontsumituko duten izotza gordetzen dituzte. Motora bouetakoa baino askoz potentzia txikiagoa izan ohi da, eta erabiltzen diren sareak handiak. Arraste-lastertasun txikiagoa badute ere, zenbait espezie harrapatzen dituzte (oilarra, mihi-arraina, zapoa...).

Binakako arraste-ontziak dira motorren potentzia ondoen aprobetxatzen dutenak, ez baitituzte arrasteko ateak erabiltzen. Modalitate honen barnean badira freskoko arrantzan eta Ternuan bakailaotan aritzen diren ontziak. Ontzi bakoitzak goitik beherako ekipamendua dauka.

Arrantzaleak beren eginkizuneanArrantzaleak beren eginkizunean

Sistema honetan, ontzietako bat “lehena” izaten da, eta honetako arrantzako patroiak erabakitzen du arrantzari lotutako guztia, eta kapitainak nabigazioari dagokiona; “bigarren” ontziak “lehenak” erabakitzen duenaren mendean egon behar du. “Binakakoek” erabiltzen dituzten sareek ez dute aparteko berrikuntzarik izan duela gutxi samar arte, azken aldian jatorri frantseseko bilbeak hasi baitira erabiltzen, arrakastaz gainera.