Sareak egitea eta konpontzea

Sareak egitea

Lehenbiziko lana sarea proiektatzea da. Hori plano gainean egiten da (duela hamarkada gutxi hasi ziren planoak erabiltzen, lehenagoko deskripzioen ordez). Diseinuaren lehen baldintza egokitzapena da, bai sareak erabiliko dituzten ontzien potentziaren arabera bai itsas hondoen eta aurreikusten den arrantza-lanaren arabera, espezie batzuk (oilarra, mihi-arraina eta zapoa, besteak beste) hondar azpian sartzen baitira. Batzuetan sarea erabiliko zuen arrantzako patroiari egin behar izaten zitzaion kontsulta. Azken hamarkada hauetako aldaketa etengabeek, lehen aipatu dugun landare-zuntzen ordez (sisala, kalamua, etab.) hari sintetikoak erabiltzeak esaterako (nylona, polietilenoa, etab.), zuzenean eragiten diete arrasteko sareak proiektatzen dituztenei.

Edonola ere, sarearen proiektuan azaltzen da maisuaren gaitasuna, oso aldagai kopuru handia hartu behar du eta kontuan.

Proiektua, bere ezaugarri guztiekin (neurriak, maila-moldeak, etab.) plano batean jaso ondoren ezaugarri guztiak emanda (esate baterako “trawler” motako sarea izatea, luzera aldagarrikoa eta itsasoan “hondoa goldatuz” mugituko dena), Alacanteko Vila Joiosako Redsinsa, S. A. enpresara bidaltzen zuten, horrek hornitzen zituen-eta arrasteko aparailuaren osagai guztiak.

Ondoren maisu saregileak, kasuan behar zituen laguntzekin, sarea muntatzen zuen; eginkizun horretan aiztoa eta orratzak erabiltzeko uneko trebetasuna oso garrantzitsuak ziren. Beheko aldea, “beheko arlinga” deitua, nylonez forratutako 16 mm-ko alanbrez egiten zen, eta horren gainean sarea muntatzen zuten, arreta berezia jarriz betiere lanean. Muturren artean 100 mm dauzkan sare-begia egokia da, eta erabiltzen diren harien lodiera ere garrantzitsua da, horren araberakoa baita armaduren “argia”. Gainera, arrantza egingo den zonan indarrean den araudia bete behar da.

Sareak egitea eta, hala zegokionean, konpontzea jarduera estrategikoa zen, arrasteko aparailua zeraman ontzi bakoitzak hiru sare edo gehiago zeramatzan eta. Gainera, ohiko kala ziren batzuetan, Eskoziako iparreko 58. paraleloan esaterako, hondoa harritsua da, eta aparailuak sarriago puskatzen dira.

Sareak konpontzea

Sareak behar bezala konpontzea oso garrantzitsua da, elementu horren balio bizitza luzatzea ahalbidetzen baitu. Izan ere, sare berri baten kostua 120.000 euro ingurukoa da, batez beste.

Sarea konpontzeko prozesuaren hasiera hura lehorreratzea eta portuetako orga klasikoan “zabaldietara” eramatea izaten zen, hau da, konpontze lanetarako erabiltzen zituzten lekuetara; zabalak izan behar zuten, ezinbestean, hurrengo pausoa sarea lurrean zabaltzea izaten zen eta. Ondoren konpondu beharreko alderdiak bilatzen zituzten, aparailuaren alde guztiak aztertuta. Konponketa lana amaitu ondoren (zatiak gehitzea, jostea, etab.) berriro orgara eta ontzi edo biltegira.

Alberto de Pazek gogoan du Pasai Donibanen hiru edo lau saregin ezagutu zituela, ingurasareko arrantzarako sareetan bezala binakakoetarako arrasteko aparailuak egiten eta konpontzen aritzen zirenak berak.

Sareak konpontzenSareak konpontzen