Perrak egiteko kontratuak

Lanerako eta garraiorako animaliak era masiboan erabiltzen zirenez, batez ere XVII. eta XVIII. mendean ferra eskaria izugarri handitu zen, eta ondorioz ferratzaileek ezin izan zuten eskari hura guztia hornitu. Hori zela eta, lanean laguntzeko ikastunak eta espezialistak kontratatu behar izan zituzten.

1626an, Pedro Arriolak bere Elgoibarko sutegian lan egiteko laguntzaile bat behar zuen. Hori zela eta, Jeronimo Izagirre azpeitiarra kontratatu zuen, eta hark urte betean lantegian behar ziren ferrak egiteko konpromisoa hartu zuen. Hitzartutako soldata lanegun bakoitzeko 2 errealekoa zen. Horrez gain, eguneroko bazkaria ere soldataren barne zegoen, baita festa egunetako bazkaria eta lo egiteko lekua eta ohea ere. Arriola jaunaren borondate ona ikusita, azpeitiarrak 11 dukat eman zizkion.

Sutegiko jabearentzat oso garrantzitsua zen material gabeziarik ez izatea. Izan ere, material gabezia bazegoen ere, hitzartutako soldata berdin-berdin ordaindu behar zuen. Bestalde, kontratatuak ezin zuen bere lantokia utzi. Lanera huts egindako egun bakoitzeko dukat bateko isuna ordaindu behar zuen, eta Pedro Arriolak bere bila pasatako egun bakoitzeko beste dukat bat.

1631 aldera, beste Elgoibartar batek, Jakobo Altzolak, Juan Eizmendi azpeitiarrari sutegi-hauspo bat eta ferrak lantzeko tresna berezi bat saltzea erabaki zuen: ingude bat, haizebide edo tobera bat, eta ferrak kurbatzeko tresna. Aipagarria da salmentaren truke ez zuela dirurik eskatu, mandoentzako 105 dozena ferra baizik, bere Altzolako lonjara eraman zitzaizkionak.

Frantzisko Atxasaeta Azpeitiarrak, 1637an, astoentzako 100 dozena ferra egin zituen zazpi zilarrezko errealen truke, eta horiek denak Gaspar Arriolak Altzolan zuen lonjara eraman zituen.

Elgoibarko oinetxearen jabeak, Bartolome Sagartegietak, 1674an Juan de Arragoeta kontratatu zuen Donostian, Ibarran zuen sutegian ofizial ferratzaile gisa urtebetez lan egin zezan. Hitzartutako soldata lanegun bakoitzeko bi errealekoa eta mantenua ziren. Horrez gain, beste 13 peso ere ordaindu zizkion Donostiaraino joateagatik eta Ingalaterrako galtzerdi batzuk ere eman zizkion.

1726an, Antonio Garate maisu ferratzaileak, Arabako Aramaio herrian bizi zenak, bere etxearen errenta zor zion Frantzisko Garayri. Zor hori kitatu ezin zuenez, Elgoibarrera joan zen eta Domingo Azpitarteren esanetara aritu zen lanean hiru urtez, ferratzaile gisa. Kontratuan zehazten zen Domingok zuzenean emango ziola zorpetutako dirua Frantziskori (badirudi maisua ez zegoela ziur bere langileak zorra kitatuko zuela berak ez bazion dirua zuzenean ematen). Horrez gain, Domingok diru pixka bat ordaindu zion Antoniori, honek hiru urte horietan familia mantendu ahal izateko. Horrez gain, jaka eta kasaka beltz bat ere eman zizkion, Segoviako ehunez egindakoak.