Puntzoiaren bidezko grabatua

Azaldu dugun lehen metodo hori jarraitzen zenean, eskuz marratzeko tresnarekin (altzairuzko sastakaia, ondo zorroztutako ertzarekin, piezaren gainean marra mehe bat egiten zuena) piezaren gainean markatu egingo ziren grabatu nahi zen testua edo ikurrak eta, hala, lehen trazu horiek gidatzat eta erreferentziatzat hartuko zituzten grabatu lanaren gainerako zereginak burutzeko.

Jarraian, eskuzko puntzoia hartuko zen, alboko sekzioa laukizuzen itxurakoa eta 10 milimetro ingurukoa zuen altzairu zatia, ertz batean forma estu eta luzea emanda zuena, arteza edo kurbatua, unean uneko premiaren arabera; eta, tresna esku batekin helduta eta beste eskuarekin haren gainean emandako mailukaden bidez, grabatu beharreko piezaren gainean markak edo sartuneak egiten ziren. Grabatzaileak puntzoiaren ertza piezaren azaleraren gainean, hasierako trazatuari jarraituz, mugitu egingo zuen, eta, hala, egin nahi ziren hizkiak edo zenbakiak agerian jarri.

Artisau lana zen, bete-betean; eta, bazuen, bai, zailtasunik asko, gauzatu ahal izateko behar adinako trebeziaz jabetu bitartean.

Emandako kolpe guztien ondorioz pieza gainean eratutako ildotik kanpora ateratzen zen altzairua, bizar itxuran, han geratzen zen eta, handik kentzea beharrezkoa zenez, eskuz limatu beharra zegoen.

eskuz grabatuakArtilleriako pieza baten itxitura sistemaren gainean eskuz grabatutako Placencia de las Armas lantegiko inizialak, ekoizpen data eta serie zenbakia, eskuz grabatuak. P. de las A. 1943 Nº 67 C (argazkia Jose Mari Izaga).
Zeregin hori burutzeko grabatzaileak erabiltzen zituen puntzoiak ertz arteza nahiz kurbatua izan ahal zuen; baita ere, esaterako, hizkien eta zenbakien edo bestelako ikurren, kolpearen eraginez piezaren gainean markatuta utziko zituen itxuradun ertzak. Eskuzko puntzoi horiek artisau bakoitzak bere eskuz landu ohi zituen egin beharreko lanari ekin aurretik eta berak egindako tamaina anitzeko puntzoi guzti horiek, gero, metalezko poteetan gordeko zituen, neurriaren arabera sailkatuta eta, hala, tresna multzo hori prest izango zuen geroko batean grabatu beharreko antzeko beste zereginen baterako.

Grabatu lan gordina bukatu ondoren, lan guztia berriro landu behar zen eta, horretarako, lehengo puntzoi berbera erabiliko zen, ondo markatu edo zehaztu gabe, edo irregulartasunekin geratutako alderdiak beste behin kolpatuz.

Jarraian, eta esku aide motako gubila erabiliz (esku tresna da, 10 eta 15 zentimetro bitarteko luzera eta 2 eta 5 milimetro bitarteko lodiera duen altzairuzko uztai txiki eta estilizatua, ertzetako bat alakanean bukatuta dago eta, ondo zorroztuta, ebaketarako edo lanerako erabiliko den ertza izango da; beste aldean, zurezko sagar itxurako girtena du eta esku ahurra baino ez da erabiliko hari bultza egiteko) berdindu egingo ziren eratutako ikurren zabalerak eta altzairuzko txirbil txikiak kanporatu, grabatu osoa ondo zehaztuta, berdinduta eta erabat landuta geratu arte.