Gubilaren bidezko grabatua

Gubilaren teknikaz baliatu eta, hala, ikur edo ildo sakonagoak egiteko, errotulazioa ezagutu eta menderatu beharra zegoen. Lehenengo, grabatu bakoitzak piezaren gainean hartuko zuen zabalera eta banaketa kalkulatu eta markatu behar zen; horretarako, erregela eta eskuko konpasa erabiliko ziren eta hizki edo ikur bakoitza punta zorrotzeko altzairuzko marratzeko tresna batekin marraztu egingo zen, aurretik, minio edo inprentako tintarekin bustita zegoen piezaren altzairu gainean. Beti ere, enpresako delineatzaileek emandako planoan adierazitakora moldatzen zen marrazkia.

Jarraian, akabera emateko gubilarekin alderatuta handiagoak ziren gubil solidoak erabiliz, mailu kolpeak eman eta grabatzeko zegoen piezaren metalaren txirbilak kanporatzen zituzten, arraildurak eraginez eta aurretik markatutako trazatuak jarraituz; hala, egin nahi zen grabatua agerian jartzen zen, gero eta sakonera handiagoarekin. Horretarako, gubilak prestatu egin behar ziren, hain zuzen ere, forma obalatua eta konbexua zuten ertz ebakitzaileekin eta, hala, grabatzaile bakoitzak berak nahi zuen neurriko ildo konkaboa egitea lortuko zuen.

Lan horren hasierako emaitza zen grabatuan, hizkiak eta zenbakiak ageri ziren, baina homogeneoa ez zen eran; berdindu beharra zegoen, beraz, eta, hori egiteko, formadun puntzoiekin (ertz zapala edo konbexua, arteza edo kurbatua zutenak) kolpatu eta landuko zuten grabatua. Formadun puntzoi horiei, hondoko puntzoiak ere esaten zitzaien, izan ere, grabatuaren hondoa berdintzeko erabiltzen ziren, batez ere; eta langileak berak prestatu ohi zituen, asmo hori betetzeko.

Zereginaren fase hori burututa, grabatzaileak lima leunarekin kenduko zituen azalean geratu ahal ziren bizar txikiak; eta zeregina bukatzeko, lehen ere aipatu ditugun esku aide motako gubil txikiak erabiliko ziren, forma ugari har zezaketen ertz ebakitzaileak zituztenak, eta, bere eskuz bultza eginda, metalezko txirbilak ebaki eta formak berdintzen zituen, irregulartasunak ezabatu, figurak era homogeneoan eta erabat zehaztuak izatea lortu arte.

Hein horretan, hondo horiek, bai trazatu artezetan, bai kurbatuetan, trebetasunez joaz eta handik txirbil txikiak kanporatuz, neurri handiko hizki edo zenbaki uniformeak eratuko ziren, artilleriako kanoien itxituren gainean bertan gauzatutako lanaren ondorioz.

Eginkizuna bukatzeko, piezaren gainazala berdindu egingo zen, horretarako egokia zen limarekin eta liz papel leun-leunarekin igurtziz.

Orokorrean, egindako lanaren kopia bat eskuratuko zuen grabatzaileak kalkoaren edo erreprodukzio grafikoaren bidez, hau da, inprentako tinta erabiliko zuen landutako azalera bustitzeko eta haren gainean papera jarri, landutako ikurrak paperean ondo nabarmen geratzeko moduan. Izan ere,  haren xehetasunak lagungarri gerta zitezkeen antzeko testua zuten lanak prestatzeko.

Mekanizatu tailerraLantegi bereko beste atal bat, mekanizatu tailerra. Nabarmentzekoa da makinei mugimendua transmititzeko erabilitako sistema, motor bakar baten bidez eta sabaian finkatutako poleekin eta narruzko uhalekin egiten dena. 1939-40. urte ingurua. (SAPA PLACENCIA elkarteak utzitako argazkia).

Espoletak muntatzen eta probatzenLantegian bertan, espoletak muntatzen eta probatzen, 1939-1940 urte inguruan. Nabarmentzekoa da, langile kopuru handia, gehienbat gazteak direnak, mahai inguruetara bilduta. (SAPA PLACENCIA elkarteak utzitako argazkia.)