Tradiziozko eraikinen modelogileak

Edozein ondasun motaren tamaina txikiko erreprodukzioak egiteko jarduerak historia luzea du, eta esan liteke gizarte garatuetan garrantzia ez galtzeaz gain gero eta presentzia handiagoa lortzen ari dela. Lanbide honetan espezializatutako artistak eta artisauak modelogile izenekoak dira.

Modelogintza industria sektore askotan egon da presente, itsasontzigintzan edo aeronautikaren alorrean, esate baterako. Epe luzean zehar produkzio jardueraren elementu lagungarri gisa erabili izan da, baina, badirudi azken hamarkadetan batez ere informazio baliabide izateko eskatzen dela, eta, batez ere, apaingarri gisa.

Modelogileen jarduerak aukera sorta handia eskaintzen du. Esaterako, badira zeregin hauekiko zaletasuna dutela eta eskala txikian ondasunen erreprodukzioak egiten dituztenak, arestian aipatu dugun bezala, edo lanean profesionalki aritzen direnak, kopia zehatzak eginez, oraingo edo iraganeko itsasontzi edo eraikuntzen kopiak esaterako. Azken horiek egindako lanek zenbaitetan aurretik ikerketa lan handia egitea eskatzen dute, eta lana behar bezala egiteko ezagupen tekniko nabarmena eta esku abilezia handia behar izaten dira.