Atzealdea Ikastetxeentzako dirulaguntzak, garapen jasangarriaren arloan inbertsoak egiteko

2024·03·14


Ikastetxeentzako dirulaguntzak, garapen jasangarriaren arloan inbertsoak egiteko

Fleming Herri Eskola (Villabona)

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Gipuzkoako ikastetxe publiko, pribatu eta itunpekoentzat da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 15ean amaituko da, eta azalpen saio bat egingo da online martxoaren 20an.

Deialdi honen xedea Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) ingurumen xedeak lortzen lagunduko duten espazioen, ekipamenduen edo instalazioen sorrera bultzatzea da eta, adibidez, eskoletako baratzeak, euri-urak aprobetxatzeko soluzioak, instalazio berriztagarriak, berdeguneak edo urmaelak sustatuko dira, besteak beste.

Gune horiek ikasleen ingurumen-gaietako (klima-aldaketa, jasangarritasun energetikoa, hondakinen prebentzioa eta kudeaketa, biodibertsitatea, etab.) prestakuntza, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa bultzatzeko baliagarri izan beharko dira. Horregatik, proposamenak jarduketari lotutako hezkuntza‑proiektu bat jaso beharko du, eta garrantzi berezia emango zaio.

Dirulaguntzaren laugarren deialdia da hau. Aurreko hiruetan Gipuzkoako ikastetxeen 50en bat proiektuk jaso dute aldundiaren dirulaguntza; denera, 700.000 eurotik gora.

Hainbat dira diruz lagunduko diren proiektuak hautatzeko kontuan hartuko diren alderdiak: hezkuntza-proiektuaren kalitatea, prozesuaren fase guztietan genero-ikuspegia txertatzea, Garapen Jasangarriaren Helburuei egindako ekarpen-maila, eta aurkeztutako egikaritze‑proiektuaren kalitatea. Era berean, puntuazio handiagoa emango zaie "Ikastetxe Jasangarria" zigilua duten ikastetxeei eta "Eskola Txikia" sarean sartuta daudenei.

Eskolei eskaeren prestaketa lanak arintzeko asmoz, dirulaguntza oinarrien eta deialdiaren inguruko azalpen saioa egingo da online, datorren martxoaren 20an. Interesa duten ikastetxeek izena eman dezakete ingurumenzuzendaritza@gipuzkoa.eus helbidera posta elektroniko bat bidalita.