Klima aldaketari aurre egiteko eta kontzientzia pizteko tailerrak 55 urtetik gorakoentzat Donostian zortzigarren urtez jarraian

2022·09·21


Klima aldaketari aurre egiteko eta kontzientzia pizteko tailerrak 55 urtetik gorakoentzat Donostian zortzigarren urtez jarraian

Aurreko esperientziek izan zuen harrera bikaina ikusita, Donostiako 55 urtetik gorako pertsonek hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute, Plus 55 programaren bidez, tokiko ingurumen arazo nagusiak eta horiek klima aldaketan duten eragina ezagutzeko. Ingurumenarekiko Sentsibilizazio Tailerra datorren urritik 2023ko maiatzera bitartean egingo da, eta ikastaroan zehar asteroko aurrez aurreko saioak eta bisita eta txango tematikoak tartekatuko dira. Interesa duten pertsonek tailerra online egiteko aukera ere izango dute, eta txangoetara eta bisitetara joateko aukera izango dute.

Gizarte Ekintza Sailaren Plus 55 programak Ingurumenarekiko Sentsibilizazio Tailerra jarriko du berriz abian urritik aurrera Donostia Kulturarekin, Donostiako Udaleko Ingurumen Sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin lankidetzan. Carlos Pérez Olozaga kimikari erretiratuak proposatu eta zuzenduko du ekimena, eta saioak Ernest Lluch Kultur Etxeko ekitaldi aretoan emango dira astelehen eskolaegunetan, goizez; guztira 17 saio izango dira eta parte hartzaileak bi taldetan banatuko dira. Edizio honetako berrikuntzetako bat da tailerrak hamabostaldikoak izatetik astero izatera igaroko direla, eta horrek argi eta garbi erakusten du ekimen honek arrakasta izan duela. Horrez gain, 11 bisita edo txango gidatu programatu dira, eta ikasgelako saioetara ez joatea nahiago duten pertsonei tailerra online egiteko aukera emango zaie.

Ekimena José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Marisol Garmendia Ekologia eta Osasun Publikoko zinegotziak, Aitziber San Román Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Carlos Pérez Olozaga tailerren edukien koordinatzaileak aurkeztu dute. Foru diputatuak nabarmendu duenez, «horrelako ekimenek garrantzia handia dute herritarrak kontzientziatzeko klima aldaketaren ingurumen eragina bertatik bertara ezagutzearen garrantziaz, eta, sektore pribatuarekin eta gizartearekin lankidetzan, klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko jarduera zehatzak bultzatzeko».

Bestalde, Marisol Garmendia Ekologia eta Osasun Publikoko zinegotziak honako hau azpimarratu du: “negazionisten ahalegin guztiei aurre eginez, gero eta nabariagoa eta kezkagarriagoa da Klima Aldaketaren errealitatea, baita gure hirian ere. Garrantzitsua da horretaz jabetzea eta egoera hori arintzeko neurriak hartzea keinu pertsonal eta kolektiboen bidez. Kasu honetan, gure nagusiak bataila honetako protagonistak izatea oso adierazgarria eta ikasgarria da”.

Aitziber San Román Gizarte Ekintzako zinegotziak honako hau adierazi du: “aurten ere, Plus 55ek ingurumen-hezkuntzako tailerra jarriko du abian. Ikasturte honetan egitaraua inoiz baino zabalagoa eta askotarikoagoa da. Donostiarantz eta bere baliabideetara bereziki begiratuz, tailerreko edukiek lagundu egingo diete parte-hartzaileei ingurumenaren ezagutzan eta kontserbazioan lan egiten, eta aldaketarako eragile izango dira guztioi eragiten digun gai batean. Aurten, iazko esperientziaren ondoren, berritasun gisa, bide telematikotik jarraitu ahal izango duen eta programatutako txango gehienetan parte hartu ahal izango duen talde bat izango dugu, horrela, parte-hartzaileen kopurua 140ra arte handitu ahal izango da”.

Ingurumenarekiko Sentsibilizazio Tailerra duela zortzi urte sortu zen, Carlos Pérez Olozaga Kalapie txirrindulari taldeko kideak eta Plus 55 programaren laguntzaz tailerraren edukiak koordinatzen dituenak proposatutako ekimenari esker. Irailaren 27an, asteartea, informazio hitzaldi bat izango da Ernest Lluch Kultur Etxeko ekitaldi aretoan, goizeko 11:00etan, interesa duten pertsonek xehetasun handiagoz ezagutu ditzaten tailerrak eskainiko dituen edukiak eta jarduerak. Hurrengo egunean, irailaren 28an (asteazkena), matrikulatzeko epea irekiko da.

Bai ikasgelako saioetan, bai bisita gidatuetan, arlo profesionalean esperientzia handiko hizlariak eta gidak izango dira. Era berean, tailerraren bigarren edizio honetan, aurreko tailerretan parte hartu duten hamabi pertsonak parte hartuko dute, eta hitzaldiak eta txango gidatuak egingo dituzte, haien ezagutza eta interes pertsonalen arabera. Aztertu beharreko gaiak, bisitak eta txangoak ere aurreko zazpi edizioetatik ezberdinak izango dira.

Aurrez aurreko tailerraren kostua 50 eurokoa izango da, katamaranez eta autobusez egingo diren txangoak barne direla, eta taldeak gehienez 50 pertsonakoak izango dira. Online modalitatearen kostua 40 eurokoa izango da, bisitak eta katamarana barne.

Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek helbide honetara idatz dezakete: jramon_duarte@donostia.eus