Atzealdea Gipuzkoako Ingurumen Guneak ateak zabalduko dizkie herritarrei jasangarritasunaren inguruan kontzientziatzeko eta hezteko

2022·10·17


Gipuzkoako Ingurumen Guneak ateak zabalduko dizkie herritarrei jasangarritasunaren inguruan kontzientziatzeko eta hezteko

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak gaur inauguratu du bere gela didaktikoa, herritar guztiei irekita dagoen gunea, gure hondakinak nola kudeatzen diren ezagutzeko, material didaktikoen, ikus-entzunezkoen eta begirale espezializatuen bisita gidatuaren bidez.

José Ignacio Asensio: «Lortu nahi dugu beren etxeetan hondakinak bereizten dituztenek jakin dezaten beren ahalegina baliagarria dela eta, urte askoan zabortegi batean amaitzen zen arazo bat egon zen lekuan, gaur egun aukerak ditugula. Gure emisioak eta erregai fosilekiko dugun mendekotasuna murrizteko aukerak, zabortegi batean lurperatzen ziren baliabideek enplegua sortzeko aukerak; azken batean, planeta babesteko eta jarrera jasangarriagoak izateko aukerak, enplegua eta ongizatea sortuz».

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidente José Ignacio Asensiok eta GHKko zuzendari nagusi César Gimenok Gipuzkoako Ingurumen Guneko gela didaktikoa inauguratu dute gaur goizean. Herritar guztiei irekitako gunea da, eta bertan, Gipuzkoako gizarteak zuzenean jakin ahal izango du hondakinak nola kudeatzen diren, gure etxeetan gaika bereizten ditugunetik Ingurumen Guneko instalazioetan azken tratamendua ematen zaien arte, material didaktikoen eta ikus-entzunezkoen bitartez eta begirale espezializatuen bisita gidatuaren bitartez. Gainera, ibilbidearen amaieran, bisitariek ‹GK Recycling› Gipuzkoako Birziklapen eta Berrerabilpen Klusterra osatzen duten enpresek hondakinekin fabrikatutako produktuen erakusketa bat ikusi ahal izango dute.

Gela hau Gipuzkoako gizarte osoari zuzenduta dago; bertan, mota guztietako kolektiboek instalazioak bisitatu ahal izango dituzte: ikastetxeak, elkarteak, sektoreko profesionalak, unibertsitateak edo erakundeak.

Zubietako Ingurumen Guneko instalazioei esker, Gipuzkoa Ekonomia Zirkularrean lurralde eredugarri bihurtu da, eta lurraldean zegoen arazo bati konponbidea eman zaio, ez baitzegoen hondakinak kudeatzeko instalaziorik. Gela honen helburu nagusia da, beraz, hiri hondakinen kudeaketa zuzenaren inguruan kontzientziatzea eta heztea, Gipuzkoak horretarako jarri dituen azpiegiturei buruzko informazioa ematea eta materialen eta energiaren aprobetxamenduan duen zeregina azaltzea; izan ere, baliabide horiek, lehen, zabortegi batean lurperatzen ziren, ehunka kilometrotara.

Horri dagokionez, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidente José Ignacio Asensiok adierazi duenez, «funtsezkoa da azaltzea Gipuzkoak aurrerapauso handia eman duela bere hondakinak modu jasangarrian kudeatzeko. Isurketatik eta ezabaketatik igaro gara hondakinetan dauden baliabideak balorizatzera eta erabiltzera, lehengai berriak industriaren esku jartzeko eta lurraldeko 50.000 etxe hornitzeko adina energia berriztagarri ekoizteko».

Horrela, ikasgela honen abiapuntua da planeta babesteak duen garrantzia, kontzeptu hori Lur planetaren birsorkuntza artistikoaren bitartez sinbolizatuta. Helburua da bisitariak babes kontzeptu horretan inplikatzea, kontsumo ohiturak aldatuta eta eguneroko bizitzan 6Rak aplikatuta: gogoeta egitea, berriz diseinatzea, murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea eta berreskuratzea. Ondoren, bisitak birziklatzean eta berreskuratzean jartzen du arreta, eta alderdi horiek Gipuzkoako Ingurumen Gunean kudeatzen dira. 

José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, «helburu nagusia da belaunaldi berriek planetaren etorkizuna asetzeko duten funtsezko eginkizuna transmititzea; izan ere, gardentasunez informatzea da Gipuzkoako gizarte heldua inplikatzeko modurik onena. Lortu nahi dugu beren etxeetan hondakinak bereizten dituztenek jakin dezaten beren ahalegina baliagarria dela eta, urte askoan zabortegi batean amaitzen zen arazo bat egon zen lekuan, gaur egun aukerak ditugula». «Gure emisioak eta erregai fosilekiko dugun mendekotasuna murrizteko aukerak, zabortegi batean lurperatzen ziren baliabideek enplegua sortzeko aukerak; azken batean, planeta babesteko eta jarrera jasangarriagoak izateko aukerak, enplegua eta ongizatea sortuz.

Azkenik, bisitariek ‹GK Recycling› Gipuzkoako Birziklapen eta Berrerabilpen Klusterra osatzen duten enpresek hondakinekin fabrikatutako produktuen erakusketa bat ikusi ahal izango dute. Kluster hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sortu zuen 2016an. Une honetan, ‹GK Recycling› ehun erakunde baino gehiagok osatzen dute: Ekonomia Zirkularrarekin lotutako enpresak, elkarteak, fundazioak, unibertsitateak, teknologia zentroak eta ingurumen aholkularitzak.

Donostia, 2022ko urriaren 15a