Atzealdea Elikagaien xahuketa aztertzeko metodologia Gipuzkoan

Ingurumeneko Departamentuak eta Deustuko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute Unibertsitateak ikerketa-ildo berri bat ireki dezan, Gipuzkoan elikagaien xahuketa kuantifikatu eta murrizteko metodologia bat zehazteko.

2021·05·27


Elikagaien xahuketa aztertzeko metodologia Gipuzkoan

José Ignacio Asensio: «Elikagaien xahuketa arazo globala, etikoki onartezina, sozialki bidegabea eta ekonomikoki zein ingurumenaren aldetik jasanezina».

José Ignacio Asensio Ingurumena diputatuak eta Iñaki Vázquez Deustuko Unibertsitateko DeustoTech - Deusto Institute of Technology zuzendariak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 10.000 €-ko konpromisoa hartu du unibertsitate horrekin, elikagaien xahuketa kuantifikatzeko eta murrizketa-aukerak aztertzeko metodologia garatu eta aplikatzeko.

Proiektu honetan, Deustuko Unibertsitateak planteatzen du prozesu metodologiko bat garatzen hastea hondakin organikoen sorkuntza-ereduak aztertzeko —xahuketa barne—, horien ingurumen-inpaktua eta prebentzioa aztertzeko eta beraiengan pandemiak duen eragina aztertzeko. Era berean, murrizketa-aukerak aztertuko dituzte.

Ekimen hau Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren (2019-2030 GHHKPI) barruan sartzen da. Plan horrek arreta berezia jartzen dio elikagaien xahuketaren arazoari, eta hainbat ekintza proposatzen ditu elikagaien xahuketari aurrea hartzeko eta gai honi buruz sentsibilizatzeko. Bestalde, Hiri Hondakin Solidoak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Behatokiaren bidez, hondakinen karakterizazio eta estatistiketarako ekintzak ere aurreikusten ditu, elikagaien xahuketari buruzko ondorioak ateratzeko eta, hartara, etorkizuneko prebentzio- eta berrerabilpen-neurriak diseinatzen laguntzeko.

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak gogorarazi duenez, Gipuzkoan urtean 123.000 tona xahutzen dira, eta janaria alferrik galtzean, «kontsumitu gabeko elikagaiak ez ezik, horiek ekoizteko erabili diren baliabide guztiak ere alferrik galtzen dira»; esate baterako, lurraren erabilera, mantenugaiak, ura eta ekoizpenerako erabilitako energia. Hori horrela, diputatuak aitoritu du “Elikagaien xahuketa arazo globala, etikoki onartezina, sozialki bidegabea eta ekonomikoki zein ingurumenaren aldetik jasanezina” dela.