Atzealdea Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoko Departamentuak UHINAK kongresuaren laugarren edizioan parte hartuko du

2020·11·04


Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoko Departamentuak UHINAK kongresuaren laugarren edizioan parte hartuko du

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoko Departamentuak UHINAK kongresuaren laugarren edizioan parte hartuko du. Kongresua Ficobak eta AZTIk sustatu dute, eta azaroaren 4an eta 5ean egingo da Ficoban. Ingurumen eta Obra Hidraulikoko Departamentuak bi hitzaldi emango ditu.

José Ignacio Asensio: “Informazioa izatea funtsezkoa da Gipuzkoak aurrea hartu eta zaurgarritasuna murriztuko duten politikak aplikatu ahal izateko, eta, hala, klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna handitzeko. Eta bistan da politika klimatikoen kudeaketa egokiak baldintzatuko duela, hein handi batean, Gipuzkoaren etorkizun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa”.

Klima-aldaketaren ondorio larriek guztioi eragiten digute, eta, horregatik, ezinbestekoa da nazioarteko ekintza, hainbat herrialderen lankidetzarekin, eta tokiko jarduera, guztion artean partekatutako erantzukizuna bere gain hartuz. José Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak nabarmendu duenez, Uhinak beharrezko lankidetza gunea da, eta bertan, zientziaren, teknologiaren, enpresaren eta administrazioaren munduko ordezkariek gogoeta eta eztabaida egin dezakete klima-aldaketak itsasertzean dituen ondorioei buruz eta horiei aurre egiteko ezagutza eta irtenbideak garatzeko moduari buruz. “Uhinak Klima Aldaketari buruzko Kongresu gisa finkatu da, eta ekonomiak, zientziak, teknologiak ematen duen zorroztasunarekin eta administrazio publikoen erantzukizunaren gainean eraiki da”. Gainera, foru diputatuak azpimarratu du beharrezkoa dela jakintzan sakontzea, politika publikoak behar bezala kudeatzeko: “Informazioa izatea funtsezkoa da Gipuzkoak aurrea hartu eta zaurgarritasuna murriztuko duten politikak aplikatu ahal izateko, eta, hala, klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna handitzeko. Eta bistan da politika klimatikoen kudeaketa egokiak baldintzatuko duela, hein handi batean, Gipuzkoaren etorkizun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa”.

Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoko Departamentuak bi parte-hartze izango ditu Uhinak-en:

1.Azaroaren 4an, 13:05etatik 13:25ra, Dorleta Orue Echeverríak, Naturklima Fundazioko teknikariak, “Gipuzkoako Ozeanoak Behatu eta Zaintzeko Sistemari” buruzko hitzaldia emango du.

Klima-2050,  Klima Aldaketaren Aurkako Gipuzkoako Estrategiaren lehentasunezko helburuak dira klima-aldaketak lurraldean duen eraginaren jarraipena eta zaintza egitea, bereziki itsasoaren batez besteko mailaren bilakaera, itsasaldeko klima eta kostaldeko arriskuak, bai eta egokitzapen-neurriak sustatzea ere.

Gipuzkoako Itsasertzeko Klima Aldaketaren Behatokiaren helburua Estrategia indartzea eta babestea da, tokiko eta eskualdeko kostaldeko sistemari buruzko datuak eta ezagutza aurreratua zabalduz eta hauek klima-aldaketa globalaren testuinguruan duten bilakaera hedatuz.

2. Gabriel López Martinek, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko teknikariak, azaroaren 4an, 16:15etan, Gipuzkoako Itsasertzeko Bideometria Sareari buruzko hitzaldia emango du. Bideometria Sarea gure itsasertza monitorizatzeko sarea da, eta 12 estazio ditu —9 Foru Aldundiak instalatuak, eta beste 3 Zarauzko eta Donostiako udalek—, eta Gipuzkoako Klima Aldaketaren aurkako Estrategiari erantzuten dio. Estazio horiek lortu dute klima bariablea hondartzen kudeaketan sartzea, eta, hareatzen segimendu morfologikoaren bidez, itsas mailaren igoeraren ondorioak ebaluatzeko informazioa ematen dute. Sare horrek, gainera, bere datuak eta analisiak eskaintzen dizkio Naturklimako Klima Aldaketaren Behatokiari.


Irun, 2020ko azaroak 4