Atzealdea Gipuzkoako Hondartzen Mahaia 2021 denboraldia prestatzen hasi da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua Gipuzkoako hondartzen Mahaiarekin bildu da gaur goizean, 2021eko denboraldia prestatzen hasteko eta aurreko denboraldian hasitako zerbitzuak indartzeko.

2021·03·08


Gipuzkoako Hondartzen Mahaia 2021 denboraldia prestatzen hasi da

Jose Ignacio Asensio: «Espero dut Mahai honek, koordinatzeko balio diguten beste tresna batzuez gain, lagunduko digula gure hondartzen kudeaketa integral eta jasangarri baterantz urratsak egiten, hondartzak gure erabiltzaileentzat bikaintasun handieneko baldintzetan mantentzen direla ziurtatzeko eta baldintza seguruetan erabiltzen laguntzeko».

Gaur goizean Hondartzen Lurralde Mahaiaren lehenengo lan saioa egin da, 2020 denboraldiko hondartzen kudeaketa eta 2021eko udako denboraldirako aurreikuspenak baloratzeko. Bilera horretan parte hartu dute Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak, Monica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak eta Donostia, Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku kostaldeko udalerrietako udal ordezkariek.

Asensio foru diputatuak balioa eman dio Hondartzen Mahaia koordinatzeko espazioari. Horren helburua da ingurune naturala errespetatuko duen kudeaketa-sistema integral bat bultzatzea, erabiltzaile guztiek hondartzen kalitate hobea izan dezaten ziurtatzeko:  «Espero dut Mahai honek, koordinatzeko balio diguten beste tresna batzuez gain, lagunduko digula gure hondartzen kudeaketa integral eta jasangarri baterantz urratsak egiten, hondartzak gure erabiltzaileentzat bikaintasun handieneko baldintzetan mantentzen direla ziurtatzeko eta baldintza seguruetan erabiltzen laguntzeko».

2020ko denboraldiko balorazioaren emaitzetan oinarrituta, Hondartzen Mahaiak 2021eko udako denboraldia prestatzen joateko lehen lansaioa hasi du, COVID-19aren egungo egoera kontuan hartuta eta Eusko Jaurlaritzak udarako ematen dituen osasun gomendioen zain. Hasiera batean, aurreikuspenen helburua da edukiera kontrolatzeko iaz hasitako tresnak hobetzea (App Nik Hondartzak), hondartzen sasoiko egutegi komunerako akordioa lortzea, beirarako bosgarren edukiontzia jartzea eta beste gai batzuk. Jose Ignacio Asensiok gogorarazi duenez, «Erakundeen arteko lankidetza horren bidez aurrera egiten jarraituko dugu gure hondartzen kudeaketa jasangarri eta integralean, herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko eta horien erabilera arduratsua sustatzeko».

Hondartzen Mahaian gogoratu da iazko udako denboraldia desberdina izan zela bizitako pandemiaren ohiz kanpoko egoeraren ondorioz. Jende kopuruari dagokionez, azpimarratu behar da ia erabiltzaile kopuru bikoitzak gozatu ahal izan zituztela hondartzak COVID-19aren ondorioz edukiera kontrolatzeko hartu zituen neurriei esker, erabiltzaileen errotazioa handiagoa izan baitzen horrela, eta hondartzetako espazioa gehiago bete baitzen.  Asensio diputatuak honako hau azpimarratu du: «Edukierak kontrolatzeko "Nik Hondartzak" tresnak bateragarri egin zuen hondartzak erabiltzea eta horietan gozatzea, eta COVID-19ari aurre egiteko osasun protokoloak errespetatzea».

Era berean, nabarmentzekoa da herritarrek kontzientziazio maila handia erakutsi zutela hondartzak erabiltzean; izan ere, nahiz eta hondartzetako erabiltzaileen kopurua %90 handitu, sortutako hondakinak %8,8 baino ez ziren handitu, 2019. urtearekin alderatuta. Asensioren hitzetan, «hondakinak oso gutxi handitzea ez dator bat erabiltzaileen gorakada handiarekin, eta horrek agerian uzten du handia dela gipuzkoarren kontzientziazio maila».

Iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak % 71 indartu zuen hondartzen kudeaketa integralerako aurrekontua: 2019an 380.000 euro izatetik 2020an 650.000 euro izatera pasatu zen. Aurrekontua handitzea ezinbestekoa izan zen edukiera kontrolatzeko Nik Hondartzak tresna abian jartzeko. Horrek aukera eman zuen hondartzak modu seguruan erabiltzeko, hareatzak gehiago garbitzeko, paperontziak egokitzeko, paperontziak eta beste elementu batzuk desinfektatzeko (hala nola barandak), laguntza teknikoa eta udalentzako zerbitzua eskaintzeko, eta herritarrei zuzendutako sentsibilizazio eta komunikazio kanpainak egiteko.