Atzealdea HONDAKINAK KUDEATZEKO GIPUZKOAKO EREDUA, DIPUTATUEN KONGRESUAN ERREFERENTE

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak agerraldia egin du Kongresuan, Gipuzkoa birziklapenaren alorrean buru izatera nola iritsi den azaltzeko, Estatuan batez bestekoa baino 20 puntu gorago baikaude.

2021·07·01


HONDAKINAK KUDEATZEKO GIPUZKOAKO EREDUA, DIPUTATUEN KONGRESUAN ERREFERENTE

José Ignacio Asensio: “Made in Gipuzkoa ereduak lider bihurtu gaitu: gure hiri hondakinen % 100 kudeatzen dugu, % 55 birziklatzen dugu eta zabortegiak kendu ditugu”.    

 

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua, José Ignacio Asensio, Diputatuen Kongresuko Ingurumen Batzordean agertu da gaur, Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko erabiltzen den sistemaren berri emateko. Izan ere, sistema horren bidez, birziklatze tasa % 55era iristea lortu da, Estatuko batez bestekoa (% 34) baino 20 puntu gehiago.  Agerraldia Talde Sozialistak eskatuta egin da, Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legea onartzeko eztabaidaren esparruan.

 

Asensiok Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorrean jasotako Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredua aurkeztu du (GHHKPO, 6/2019 FA).  Plana prebentzioan, gaikako bilketan, hondakinak ahalik eta gehien aprobetxatzean eta horiek baliabide bihurtzean oinarritzen da, isurketa ezabatzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko helburuarekin, betiere, hierarkiaren printzipioak errespetatuz eta klima aldaketaren aurkako borrokaren premisen arabera, hau da, baliabideak eta hondakinak karbono aztarna txikiagoarekin kudeatuz.

 

Ingurumeneko diputatuak azpimarratu du "made in Gipuzkoa" ereduak gaur egun aukera ematen duela lurraldeko hiri hondakinak zabortegirik gabe kudeatzeko eta Europak duela bost urte finkatutako helburuak lortzeko. Baieztapen hori iaz lortutako emaitzek berretsi dute; izan ere, pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, birziklatze tasa % 55etik gorakoa izan zen, eta gaikako bilketa, % 58 ingurukoa. Asensiok azaldu duenez, Gipuzkoako ereduaren arrakastaren gakoak dira araua (GHHKPO) anbizioz diseinatuta dagoela, hondakinen bilketa udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan kudeatzen dela, eta honako hauek dituela ardatz nagusi: edukiontzien sistema, hiri hondakinen % 100 tratatzeko eta "0 isurketa" sistema bati eusteko diseinatutako azpiegituren programa, eta kontzientziazio maila handia duten eta prozesu horretan aktiboki parte hartu duten herritarrak.     GHHKPOren helburua da Gipuzkoak bere hondakinen % 70 birziklatzea 2030ean, eta, horrela, Europar Batasunak ezarritako % 65eko helburua 5 puntutan gainditzea.

 

Foru arduradunak Zubietako Ingurumen Gunearen eta gainerako azpiegituren zeregina zehaztu du, eta azaldu du Gipuzkoako hiri hondakin guztiak materialki eta energetikoki balorizatzea ahalbidetu duela, industriak aprobetxa ditzakeen baliabide bihurtzeko eta, horrela, ekonomia zirkularra bultzatzeko.  Arlo horretan, Asensiok adierazi du bere departamentuaren proiektu nagusiak honako hauek direla: materialak berrerabiltzeko zentro bat sortzea; plastikoaren ekonomia zirkularraren polo bat garatzea; birziklatzearen klusterra (GK Recycling) eta moda jasangarriaren klusterra (GK Green Fashion) bultzatzea eta haiekin elkarlanean jardutea; unibertsitateekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan aritzeko sareak indartzea; eta erosketa publiko zirkularra eta fiskalitate berdea bultzatzea.  Azken puntu horri dagokionez, Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela ezartzen diren zerga mekanismoak bereizketarik gabe ez aplikatzea, birziklatzearen eta deskarbonizazioaren arloko helburuak betetzen dituztenak sarituz eta sustatuz.