Atzealdea Klima aldaketaren aurka borrokatzeko enpresa erronken lehen edizioa proposamen berritzaileekin amaitu da

Gipuzkoako hiru enpresak klima aldaketari aurre egiteko ekonomia zirkularreko proposamenak garatu ahal izan dituzte Naturklimaren instalazioetan. Honako hauek dira erronken lehen edizioaren emaitzak: teknologia berriak, packanging-erako film biodegradagarria garatzeko; aurrerapausoak nanomaterialekin egindako metodologietan, hondakin plastiko mistoak industria kimikorako lehengai bihurtzeko; edo sistema bat digitalizatzea, enpresetan hondakinak neurtzeko.

2021·07·07


Klima aldaketaren aurka borrokatzeko enpresa erronken lehen edizioa proposamen berritzaileekin amaitu da

Jose Ignacio Asensio: "erronka horiek erraztu egiten dute enpresek beren eredua eraldatzeko eta Ekonomia Zirkularraren merkatuan aukera berriak eskaintzeko izan ditzaketen proposamenak garatzea; ekonomia berdearen esparruan beharrezkoak diren erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren adibide argia dira, Gipuzkoaren susperraldi ekonomikoa eta etorkizuna bultzatzeko beharrezko praktika"

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok eta Naturklima, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioko zuzendari David Zabalak amaiera eman diote Ingurumen Zuzendaritzak eta Naturklimak deitutako "Klima aldaketaren aurka borrokatzeko enpresa erronkak" ekimenaren lehen edizioari. Programa iazko ekainean abiarazi zen, eta hiru enpresa irabazleek urte osoan zehar garatu ahal izan dituzte beren enpresa erronkak Naturklimaren instalazioetan.  

Graphene Synthetic Fuels, Ekolber eta Bilibin Circular enpresek 15.000 €-ko saria jaso zuten ikerketa gastuen zati bat ordaintzeko, eta Naturklimako taldearen laguntza teknikoa eta aholkularitza jaso ahal izan dute urte honetan zehar. Ekimen honen helburua da proposamen berritzaileen garapena bultzatzea eta sustatzea, lurraldeko enpresen erronka zehatzei erantzuteko klima aldaketaren aurkako borrokaren esparruan, ekonomia zirkularraren ikuspegitik.

Jose Ignacio Asensio foru diputatuak honako hau nabarmendu du: "erronka horiek erraztu egiten dute enpresek beren eredua eraldatzeko eta ekonomia zirkularraren merkatuan aukera berriak eskaintzeko izan ditzaketen proposamenak garatzea; ekonomia berdearen esparruan beharrezkoak diren erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren adibide argia dira, susperraldi ekonomikoa eta Gipuzkoaren etorkizuna bultzatzeko beharrezko praktika".

Erronken programan parte hartu dutenek oso balorazio positiboa egin dute beren esperientziari buruz, eta beren enpresak garatzeko teknologia eta metodologia berriak ikertu eta probatu ahal izan dituzte. Ekolber enpresako Fernando Alonsok oso modu positiboan baloratu du erronken programa, "oso programa erakargarria da Ekolber bezalako start up batentzat; izan ere, I+Grako baliabideak ahalbidetzeaz gain, bestela oso zaila dena, ikusgaitasuna eta prestigioa eman baitizkigu".  Ekolber enpresak, Naturkliman egindako lanaldi honetan, putz egitearen bidezko estrusio eta casting teknikak probatu ditu I+G zentroetan, film biodegradagarria garatu ahal izateko packaging sektorerako.

Bestalde, Graphene Synthetic Fuels enpresak mota guztietako hondakin plastiko mistoak industria kimikorako lehengai bihurtzeko teknologia garatu du.  Hain zuzen ere, nazio mailan fabrikazio propioko nano-elementuak birziklapen kimikoko prozesu batean erabiltzea planteatzen duen lehen enpresa da. GSFko zuzendari Humberto Kravetz jaunaren hitzetan, "helburua da edozein motatako hondakin plastikoa, kontsumo ondokoa eta/edo industria ondokoa, zabortegira ez iristea". Zuzendariak "bikaintzat" jo du erronken esperientzia. “Erronkekin konprometituta dagoen eta behar den guztian laguntzeko prest dagoen goi mailako talde profesionala eta giza taldea.   Enpresa guztiei gomendatuko nieke hurrengo erronketan murgiltzea, horrek ekonomia zirkularrarekiko benetako interesa erakusteaz gain, beste arlo batzuetako parte hartzaileekin elkarreraginean aritzeko aukera emango baitie".

Parte hartu duen hirugarren enpresak, Bilibinek, ZERO SKAN metodologiaren digitalizazioa garatu du enpresetan hondakinak neurtzeko (batez ere HORECA sektorean) eta irtenbideak eskaintzeko ekonomia zirkularra ezartzeko. Era berean, enpresek zirkularragoak izateko duten konpromisoa erakutsiko lukeen zigilua (Less Plastic) sortzeko aukera aztertu du. Bilibin enpresako zuzendari Aitor San Frantziskok azpimarratu duenez, "metodologia digitalizatzeko aukera emateaz gain, oso ondo etorri zaigun lan esparru bat eskaini digu. Naturklimaren hurbiltasunak kontaktuak eta proiektu berriak eskuratzeko aukera eman digu".

 Erronken lehen edizioari amaiera emateko ekitaldian, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Naturklimako presidenteak eta David Zabala Naturklimako zuzendariak aintzatespeneko mural bat eman diete hiru enpresetako ordezkariei.