Atzealdea Zero Emisioko lehen espedizio polarra, garapen jasangarrirako helburuekin bat eginez

2022·04·08


Zero Emisioko lehen espedizio polarra, garapen jasangarrirako helburuekin bat eginez

Lur polarren gaietan, nazioarte mailan, aditua den Ramon Larramendik zuzendu eta gidatuko duen proiektua da SOS ARCTIC 2022. Aldaketa klimatikoak poloetan duen eragina ikertzera dago bideratuta espedizioa eta berritasun gisa, espedizio horretarako, zero emisioko haize-lera bat erabiliko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua eta Donostiako Udala dira proiektu honen laguntzaileak.

Jose Ignacio Asensio: «Ikerketa zientifikoek ere eragina dute ingurumenean, eta hor dago proiektu honen garrantzia; izan ere, monitorizazio klimatikoak ematen duen balio zientifiko handiaz gain, proiektuak bide bat irekitzen du karbono aztarnarik gabeko espedizio eta proiektu zientifikoetarako».

 

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Garapen Ekonomikoko eta Enpleguko zinegotziak SOS ARCTIC 2022 espedizioa aurkeztu dute Juan Manuel Sotillos eta Ramon Larramendi esploratzaileekin batera. Zero emisioko lehen espedizio polar hau 2030 Agendako GJHekin lerrokatuta dago eta espedizioaren ondoren, sentsibilizazio eta hezkuntza proiektu bat garatuko du.

Exploración Polar elkartearen bitartez Ramon Larramendik sustatutako espedizio zientifiko horren helburua da Groenlandiako hainbat toki eta kotatan izotz eta aire laginak biltzea, monitorizazio klimatikoa egiteko eta aldaketa klimatikoaren irismena ezartzeko. Horrela,  poloetan izan daitezkeen eraldaketak aurreikusi ahal izango dira,  eta Artikoa eta planeta osoa babesteko neurriak diseinatzeko behar den informazioa eskuratu ahal izango da.

Espedizioa sei lagunek osatuko dute, eta horien artean Juan Manuel Sotillos egongo da. Zeharkaldi zirkular bat egingo dute Groenlandiako mendebaldetik ekialderaino, eta kometek bultzatutako haize-lera bat erabiliko dute, laborategi mugikor gisa jardungo duena. Ramon Larramendik sortu eta diseinatu du haize-lera hori, 1999. urteaz geroztik sustatzen duen etengabeko berrikuntza prozesuaren barruan. Horrela, zero emisioko energia efizienteak mugituko duen lehen ibilgailu eolikoa izango da. Gainera, ikerketa ekipoak aktibo mantentzeko behar duten energia guztia eguzki-plaken bidez lortuko da.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak nabarmendu duenez, «ikerketa zientifikoek ere eragina dute ingurumenean, eta hor dago proiektu honen garrantzia; izan ere, monitorizazio klimatikoak ematen duen balio zientifiko handiaz gain, proiektuak bide bat irekitzen du karbono aztarnarik gabeko espedizio eta proiektu zientifikoetarako». Proiektu horrek erronka zientifiko bati eta erronka jasangarri bati erantzuten die; alde batetik, erronka zientifiko bati, zeharbide polarrean zehar bilduko diren eta gero aztertuko diren izotz eta aire laginengatik, eta, bestetik, erronka jasangarri bati, izotzean nabigatuko dutelako katamaran polar batekin, hau da, kometek bultzatutako zero emisioko haize-lera batekin.

Gipuzkoako Foru Adundiko Ingurumen departamentuak 10.000€rekin diruz lagunduko du proiektu hau eta Asensio diputatuak gogoarazi du, espedizioaren ondoren, “sentsibilizazio eta hezkuntza proiektu bat garatuko da honen inguruan,  aldaketa klimatikoak ingurune polarretan dituen ondorioez eta horrek gure planetan izan ditzakeen ondorioez sentsibilizatzeko”. 

Hori dela eta, Juan Manuel Sotillos kazetari, mendizale, bidaiari eta Ramon Larramendi buru duen espedizioko kideak adierazi duenez, «SOS ARCTIC 2022 espedizioak  konpromiso irmoa hartu du GIHekin, haize-leraren erabileraren bidez jasangarritasunaren alde egindako apustuaren ildotik». Espedizioak eragin zuzena du garapen jasangarriko lau helburu hauetan: 13. GJH Klimaren aldeko ekintza, ingurune polarretan aldaketa klimatikoaren eragina ikertzera eta hedatzera bideratutako proiektu gisa eratu delako; 7. GJH Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea, espedizioaren garapen osoan energia-iturri jasangarri eta eraginkorren erabilera sustatu duelako, eta helburutzat duelako haize-leraren eraginkortasuna finkatzea zero emisioko ibilgailu polar gisa; 17. GJH Helburuak lortzeko aliantzak, proiektuaren antolakunde laguntzaileen artean informazioari eta ezagutzari lotutako sare bat sortu delako kudeaketa hobetzeko eta etorkizunean erabakiak hartzea errazteko; eta 4. GJH Kalitatezko hezkuntza, espedizioaren ondoren, heziketa-hitzaldiak egingo direlako  Gipuzkoako ikastetxeetan eta hala eskatzen duten beste foro batzuetan, aldaketa klimatikoak ingurune polarretan dituen ondorioez eta horrek gure planetan izan ditzakeen ondorioez sentsibilizatzeko.

Marisol Garmendiak, Donostiako Udaleko Garapen Ekonomiko eta Ekologiako zinegotziak, “klima-aldaketaren ondorioei aurre egiten laguntzen duen” proiektu honen lankidetza balioetsi du.

 

Donostian, apirilaren 8an