Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

landare alorra

Substratuak, ongarriak eta ongarrigaiak

Laborantzako substratuak

Nekazaritza intentsiboaren eboluzioak nekazaritza jardueran intsumo berriak erabiltzea ekarri du, hala nola laborantzako substratuak. Produkzio baliabide horiek ezinbestekoak gertatu dira hainbat jarduera garatzeko, hala nola hazitegiak, mintegiak, baratzezaintza intentsibo babestua, etab. Hala berean, bestelako erabilera batzuetan ere berdin garrantzitsuak gertatzen dira: paisajismoa edo lurzoru degradatuak lehengoratzea.

Lurzorua ordezkatzea da laborantza substratuen funtzioa, era horretara landarearen sustrai sistema finkatzea eta hazkunde egokia ahalbidetzen dituela. Lurzoruak, nekazaritzan funtsezko ekoizpen faktorea denak laboreen euskarri fisiko gisa dihardu eta behar dituzten elikagaiak, airea eta ura hornitzen ditu. Hortik ondorioztatzen da laborantza substratuen ezaugarri fisikoak, kimikoa eta biologikoak definitzeko garrantzia.

Gaur egun, 865/2010 Errege Dekretuak, uztailaren 2koak, laborantza substratuei buruzkoak laborantza baliabide horien komertzializazioa arautzen du, halako eran non merkaturatzen diren gaiek, agronomiaren ikuspegitik, eraginkorrak direla eta uretan, lurzoruan, floran, faunan eta gizakiarengan ondorio kaltegarririk ez dutela sortuko bermatzen den.

Gipuzkoan, baratzezaintzan hidroponiaren erabilera normalizatzearekin batera, perlita maiz erabili da, orain horren ordez koko zuntza erabiltzen ari delarik.

Bestalde, enpresa batzuek substratuak egiten dituzte hartarako pinu azala erabiliz. (https://www.turbas.com/es/)

Ongarri eta ongarrigaiak

Nekazaritza modernoa kalitatezko janariak ekoiztera bideraturik dago, ingurumenaren eta natura baliabideen babes egokiaren barrenean, baliabide horien arteko bat lurraren emankortasuna izanik.

Hartarako, landareen elikaduran edo lurraren ezaugarrien hobekuntzan erabilitako produktuek funtsezko bi baldintza bete behar dituzte: eraginkortasun agronomikoa izatea eta osasun eta ingurumen eragin kaltegarriak ez izatea.

Ildo horretatik, Europar Batasunak ongarriei dagokien 2003/2003 Erregelamendua (EB), urriaren 13koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, onartu zuen. Erkidegoko xedapen horrek bildu, erraztu eta eguneratu egiten ditu nekazaritzan gehien erabiltzen diren ongarri mineralei buruz Europar Batasunean zeuden araudi guztiak, eta hainbat arau finkatzen ditu horien konposizio kimikoaz, identifikazioaz, etiketatzeaz, ontziratzeaz, kontrol neurriez, etab.; gainera, zenbait eranskinetan hainbat azalpen ematen ditu, hala nola EB ongarrien ezaugarriak, tolerantzia tarteak, analisi metodoak, amonio nitratoari buruzko zehaztapenak, horren leherketa arriskuagatik, eta laborategiak egiaztatzea.

Bestalde, EB ongarriez gainera, bestelako ongarrigai sorta bat erabiltzen da. Horien arten ondokoak aipa daitezke: ongarri organikoak eta organo-mineralak, ongarri mineral jakin batzuk, ongarri bereziak, karezko medeagarriak eta medeagarri organikoak. 2003/2003 Erregelamenduak (EB) ez ditu horiek guztiak arautzen, baina 506/2013 Errege Dekretuak, ekainaren 28koak, ongarrigaiak jasotzen ditu. Errege Dekretu horretan arreta berezia jartzen da jatorri organikoa duten lehengaiez egindako produktuetan, horiek bai pertsonentzat bai ingurumenarentzat kaltegarriak ez direla bermatzearren. Produktu horiei dagokienez, dekretu horretan arautzen den Ongarrien Erregistroan aldez aurretik erregistraturik egon behar dute.

Gipuzkoan, konposta gainerako hondakinetatik bereiz bilduriko materia organikoaz egiten da, zaborraren arazoari era arduratsuan aurre eginez. (http://www.ghk.eus/gipuzkoako-konposta.htm?lang=1)