Tailagilearen ezaugarriak eta ikaste prozesua

Adegiren arabera 1920/30. urteen inguruan Zarauzko enpresariek inguruetan ez zituzten aurkitzen artisau altzarien demandari erantzuna emateko behar zituzten tailagileak. Ondorioz, beste hainbat lekutara jo behar izan zuten. Garai hartan etorri ziren Valladolidetik “Juan Llorens, Escudero eta Olazabal maisuak, eta berrogeita hamar gazte ingururi irakatsi zieten egurra lantzen. Inguru horretan horrela sortu zen tailatzeko ohitura”.

Argitalpen horretan ondorengoa adierazten zen: “garai honetan (1920/30. urteez ari da) Zarauzko altzarigileek ordura arte inoiz ezagutu gabeko maila gorena izan zuten. Hainbat tailer zeuden, plantillan ehun langile ingurukoak, astean sei egunetan lanean aritzen zirenak. Lehen mailako ofizial batek eguneko 12 pezeta irabazten zituen, eta bigarren mailako batek, berriz, 9 pezeta”.

Manuel Sanjuanen aburuz, Mazaricok eta neurri txikiago batean Trapote anaiek, jatorri bereko artisauek (Valladolid), lan handia egin zuten ogibide hau Azpeitian gara zedin.

Gabino Aizpuruk dioenez, Azpeitian 100 tailagiletik gora ari ziren lanean Azpeitian joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik berrogeita hamarreko hamarkadara arte. Fernando Olaizolaren lana azpimarratzen du, duen kalitatearengatik eta “eguneratzeko gaitasunarengatik”, bai eta Manuel Sanjuanena ere, ikasteko gaitasunarengatik eta langile saiatua izateagatik. Horietaz gain, beste izen batzuk ere aipatzen dira, hala nola Aizpurua, Nicolás Azpeitia, Félix Odriozola eta Sebastián Egibar. Zarautzen, arestian aipatutakoez gain, Hilario Epelde aitatzen du.

Gabino Aizpuru tailagileaGabino Aizpuru tailagilea.

Artisau beteranoen iritziz, tailagile kualifikatuak, neurri handi batean jaio egiten dira; izan ere, berezko hainbat ezaugarri izan ezean, oso zaila da praktikaren bidez horiek lortzea. Gainera, oso beharrezkoa da bokazioa izatea, ogibidean aritzeagatik “gogobetetasun” gisa ulertuta, bai eta esku trebezia handia izatea ere.

Tailagile guztiak bat datoz esaten dutenean marrazkiaren teknika menderatzea oso komenigarria dela, are gehiago, beharrezkoa ere bai. Hori dela eta, beterano asko, Pablo Alkorta eta Donato Intxauspe esate baterako, lan jarduna bukatuta espezialitate horretako eskolak hartzera joaten ziren zenbait eskola profesionaletara, eta buztinarekin ere praktikatzen aritzen ziren.

Zarautzen azpimarratzekoa da “Antonianoak” ikastetxeko lana. Eskola horretan Iriarte arabarra izan zen irakasle eta beranduago dagoeneko aipatua dugun José Alberdi, “maisu handia” kontsideratua. Era berean, beteranoek anai Victor dute gogoan, kultura orokorreko ezagupenak handitzen laguntzen ziena.

Azpeitian, hogeita hamarreko hamarkadatik hirurogeiko hamarkadara arte, Maristak eta Manuel Ferrer margolaria izan ziren marrazteko eskolak ematen zituztenak, lehendabizikoak marrazki linealekoak eta bigarrenak marrazki artistikokoak. Haiengana joaten ziren gerora tailagile izateko asmoa zutenak, lanaldia bukatu ondoren.

Horretaz gain, tailagileak kontzentratzeko gaitasuna eta pazientzia edukitzea beharrezkoa zen, baita autoexijentzia handia ere; izan ere, sarritan pieza bakar bati ehun ordutik gora lanordu eskaini behar izaten baitzioten.

Ikaskuntza oro har oso gaztetandik hasten zen, eta dagoeneko aurreratu dugun bezalaxe, oinarrizkoa zen beteranoen lan egiteko era behatzea “arreta handia jartzea eta bizikleta hartuta Itziarra joatea erretaula ikustera” esaten zigun Zarauzko tailagile beterano batek, irakasleek gomendatzen zietena gogoratuta. Horri guztiari urte luzeetako praktika gaineratu behar zitzaion, pixkanaka gero eta pieza konplexuagoak landuta.

Antxon Mendizabal Antxon Mendizabal tailagile eta eskultorea.

Antxon Mendizabal Cristobal (Donostia, 1945) joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan formatu zen tailagile, eta jarduera hori  Errenteriako Orereta Ikastolako Arte eta Musika irakasle jarduerarekin batera burutu zuen. Ogibidea Alejandro Amenabar osabarekin ikasi zuen, Azpeitiko tailagile ezaguna eta gerora erremontelaria izan zena. Laurogeiko hamarkadaren lehenengo urteetatik aurrera soil-soilik jarduera honetan aritu zen. Hasiera batean “argizaiolak”, “kutxak” eta erlojuentzako altzariak egiten espezializatu zen, batez ere bertako haritza eta gaztaina egurra erabilita.

Gaur egun eskultore ospetsua da, eta adierazten duenez konbentzitua dago tailagilearen ikasketa prozesua gainerako artisauen prozesuaren antzekoa dela. Azpimarratzen du oso beharrezkoa dela marrazketaren ezagupenak izatea, marrazki geometrikoa batez ere “estilo euskalduna landu nahi bada”.

Mendizabalen ustez, tailagileak profesional ona izan beharra dauka, pazientzia handikoa, ongi egindako lana baloratzen duena eta egurra, berezko ezaugarriak dituen materiala, oso ongi definituak, gustukoa izan behar du. Oinarrizkoa iruditzen zaio artisauak “lehengaiari hizketan uztea, nortasuna adieraz dezan”.