Moldagarria, itzulkorra eta suharbera

Zeluloidea material termo-plastikoa da. 80ºC-tik gora berotzean bigundu egiten da, eta horrela dagoenean nahi bezala moldeatu daiteke, hoztean, emandako forma hori gorde egingo du. Prozesu hori errepika daiteke, eta horrexek erabilgarritasun handia ematen zion. Eragozpen nagusia bere suharberatasun handia da.

Nitrozelulosa, kanforra eta alkohol nahasketa bat eginez lortzen da, nahasketa horri pigmentu edo koloratzaile organikoak gehitu dakizkioke. Ondoren alkohola kentzen zaio, eta plantxetan laminatzeko prest geratzen da, hori baita aurkezteko erabili ohi den forma arrunta.

Material berri honek produktu berriak garatzeko aukera eman zuen, eta baita aurreagokoak baino forma kolore eta aurkezpen erakargarriagoak eta ekonomikoagoak egiteko ere. Garai hartarako berrikuntza handia izan zen.

Zeluloidearen erabilera eta hainbat objektu sortzeko moldatzea Espainian XX. Mendeko hogeitik hogeita hamarrerako hamarkadan hasi zen. Material hau, zituen ezaugarriak zituelako, batez ere emakumeek lantzen zuten. Nahikoa erraza zen lantzeko eta eskulan handia zuen, eta ezagupen berezirik ez zen behar, nahiz eta trebetasun handia eskatu.