Zeluloidearen lehen transformatzaileak

Transformatzaile horien artean lehenengoetakoa  Ernesto Reiner alemaniarra izan zen. Alemaniako Asperg-etik etorri eta 1927an Deban kokatu zen. Alemaniak atzeraldi ekonomiko handia jasan zuen garai hartan, eta Reinerrek han ere sortzen zituen zeluloidean oinarritutako produktuak.

Ernesto Reiner-ek material berria eta erabiltzeko beharrezko zen teknologia,  makineria, tresneria eta langile espezializatuak ere ekarri zituen. Horri esker bere industria berehalako batean martxan jartzeko aukera izan zuen, eta hainbat urtetan, berrogeitik berrogeita hamarrerako hamarkada arte behintzat, gure herriko zeluloidearen transformatzaile bakarra izan zen.

Industrias del Celuloide” izenpean enpresak, bertan egiten ziren produktuek eskaintzen zuten berritasunak bultzatuta, hazkunde azkarra izan zuen, eta denbora pasa ahala, eboluzioa izan zuen eta progresiboki garatzen ari ziren material berriak erabiltzen hasi zen, esate baterako, 1940an bakelitarekin hasi ziren, eta beste hainbat plastikorekin ere bai. 1932an enpresak sute handi eta azkar bat pairatu zuen, eta erabat suntsituta geratu zen, baina berehala berreraiki eta hamar hilabete beranduago berriro funtzionamenduan zen.

Hamaika gizon eta emakumek egin zuten lan bertan, eta gaur egun ere material plastikoak injektatzen ditu. Gainera Debako enpresarik zaharrena da.

Bertan egiten ziren produktu azpimarragarrienak hauek dira: puntu egiteko artile-matazak gordetzeko ontziak, orratzak, etxeko tresnak gordetzeko hainbat kaxa, xaboi-ontziak, garbitasunerako ontziak, hortzetako eskuilak, bizarra mozteko brotxak, oinetakoak janzteko laguntzaileak, lente-eustoinak eta jostailu txikiak, esate baterako txotxongilo zutak edo haurrentzako txintxirrinak, azken horiek soinua atera zezaten ondoko hondartzan jasotako harritxoekin betetzen ziren. Lehergailu eta balentzako kapsulen espoletak egitea ere lan garrantzitsua izan zen.

Kolore ezberdinetako materialak erabiltzen ziren, distira eta irisazioekin, naturakoak imitatuz, adibidez oskolak (marroiak argi-uneekin) edo nakarea (zuria) edo erdi-gardenak. Honek guztiak egindako artikuluei berrikuntza gehitzen zien.

Maiz gertatzen den bezala, enpresa honen ondorioz antzeko beste bat sortu zen. Hori ere Deban sortu zen 1933an, bertako kapitalarekin, eta aditu alemaniar batzuk horra joan ziren. Horrela, bien artean lehia gogorra sortu zen. Urte gutxiren buruan, gerra zibilaren ondorioz enpresak itxi egin zuen.

Era berean, Industrias del Celuloide enpresatik beste bi enpresa gehiago jaio ziren. Horiek bere jarduera metalak transformatzera bideratu zuten, eta urteetan zehar Debako langile kopuru handi bat bertan aritu zen lanean.