Lan prozedurak

1928an hasi zenetik, eta apurka-apurka zeluloidea lehengai gisa erabiltzeari utzi zion arte, hau da hirurogeiko hamarkada arte, lan prozeduretan eskulanak garrantzia handia zuen. Lehengaia laminetan etortzen zen, milimetro batekoa txintxirrinak egiteko bazen, eta 5 milimetrokoa hortzeko eskuiletarako zenean. Beharrezko neurrietan moztu eta nahi zen forma ematen zitzaion berotuz eta moldetan presioan sartuz. Amaitzeko, pieza ezberdinak bildu eta elkarri erantsita jartzen ziren, eta horrela lortzen zen amaierako produktua.

Laminak tiratan eta ebakinetan mozteko gillotina bat erabiltzen zen. Gillotina langileek esku batez mugitzen zuten palanka baten bidez, eta bestearekin eta pedal batekin zeluloidea eusten zuten. Diskoak moztu behar zirenean, prentsa bitxi bat erabiltzen zen. Prentsa honi uhal baten bidez eragiten zitzaion, lantegiko polea sistema orokorraren bidez.

Jarraian, ebakinak lortu nahi zen piezaren forma zuen letoizko molde baten bi erdien artean ipintzen ziren. Erdi horietako bakoitzak helduleku bana izaten zuten. Ondoren, guztia 80ºC-tik gorako tenperatura zuen urez betetako ontzi baten sartzen zen, zeluloidea beratzeko eta nahi bezala moldatu ahal izateko.

Moldeek eta zeluloide zatiek nahi zen tenperaturara iristean, uretatik atera eta palanka batez eta eskuz eragiten zitzaion prentsa batean jartzen zen guztia. Hemen, moldearen bi erdiak estutu egiten ziren, eta horren ondorioz tartean zegoen zeluloidea deformatu egiten zen eta nahi zen itxura hartzen zuen. Beste mota bateko prentsak ere erabiltzen ziren: harizko ardatz bat zuten zeharkako barra bati lotua, barra horrek  puntetan burdinazko bola pisutsu bana zuen, eta inertziazko bolante funtzioa egiten zuten, eta eskuz birak emanaraztean jaitsi egiten zen, horrela palanka sistemarekin baino presio handiagoa lortzen zen. Mota horretako lehenengo makina Alemaniatik ekarri zuten, ondoren Otto Holke alemaniarrak, Zumaiako bere tailerrean beste lau egin zituen lehenengoa kopiatuz.