Orratzak, hortzetako eskuilak, bizarra mozteko brotxak eta lente-eustoinak

Puntua eskuz egiteko orratzak honela egiten ziren: Zeluloidezko ziri baten puntetako bat eskuz zorrozten zen polea kiskalgarri bat erabiliz, gero beste puntan material bereko bolatxo bat eransten zitzaion.

Hortzetako eskuilen kirtenak egiteko zeluloidezko lamina bati puskak mozten zitzaizkion, kirtenak izan behar zuen loditasun berekoak, eta ondoren, formak eta aldamenetako aurpegien profil borobilduak ematen zitzaizkien. Hori egiteko kirtena forma egokiko fresa baten kontra pasatzen zuten materiala kentzeko. Kirtena lortu beharreko profila zuen txantiloi batek gidatutako tresna batean eutsia egoten zen, eta tresna hori eskuz mugitzen zuten langileek.

Kirtenari esku-daratulu baten bidez hainbat zulo egiten zitzaizkion eta horietan zerri-hileak sartzen ziren (zerriaren hile naturala) lan horretarako bereziki diseinaturiko makina bat erabiliz.

Bizarra mozteko brotxak egiteko modu berean jokatzen zen. Horiek kirtena egiteko zeluloide puska lodi bat torneatzen zen eta hileak sartzeko hortzetako eskuiletan bezala egiten zen.

Hile mota asko erabili zituzten, beti naturala. Horien artean preziatuena eta garestiena azkonarrarena izaten zen, material hori animaliaren larruarekin batera erosten baitzen, eta gero guraizeak erabiliz banatu behar izaten zen.

Lente-eustoinak oso artikulu garrantzitsua izan ziren 1939tik aurrerako epe batez. Horiek lortzeko lehenengo material lamina batetik forma egokia mozten zen, ondoren, ertzak borobiltzen ziren fresatzeko makina batean materiala eskuz mugituz eta txantiloi batek gidatuta, hortz-eskuilen antzera. Lan hori gizon batek egiten zuen. Jarraian, berotu egiten ziren argindarrez berotutako plantxa baten gainean jarrita, eta begietako bakoitzaren forma zehatza ematen zitzaien, horretarako, eskuz, lortu beharreko irekidura izaten zuen kono metaliko batean sartzen ziren eta behatzen bidez presioa egiten zen gainean, horrela material beroa kurbatu egiten zen, eta hoztutakoan, nahi zen forma lortzen zen. Ertz zulotuak edo gidak lortzeko ere antzera jokatzen zen, eta loturako torlojuarentzako zuloa eskuz egiten zen daratulu txiki batekin.

Ikusten den bezala, lan gehienak eskuz egiten ziren, lortu nahi zen forma emateko moldeak erabiltzen ziren eta txantiloien laguntzarekin eskuz mugitzen zituzten piezak erremintena urrean jartzeko.

ontziakArtilezko matazak gordetzeko ontziak, gainerako guztia bezala eskuz muntatu eta eransten zen. (Julen Zabaletaren marrazkia).

torlojuzko prentsakLangileek laminak deformatzeko bi moldeen artean jarri eta eskuz eragindako torlojuzko prentsen bidez estutzen zituzten. (Julen Zabaletaren marrazkia).