Atzealdea Aldundiak eta Elikagaien Bankuak elikagaien 1.000 tona baino gehiago bildu dituzte “azken minutuko” programaren bitartez

José Ignacio Asensio: “Soberakin hauen bilketa entitate emaileetan hondakin gisa kudeatzea ekidin egiten du, kostuak aurreztuz; gainera, produktu horiek botatzea saihesten da eta, azkenik, garrantzia handiko giza helburu bat betetzen da”.

2019·01·17


Aldundiak eta Elikagaien Bankuak elikagaien 1.000 tona baino gehiago bildu dituzte “azken minutuko” programaren bitartez

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Oiartzunen dituen instalazioak bisitatu ditu elikagaien soberakinen kudeaketa sistema gertutik ezagutzeko. José Manuel Pineda, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak gidatu du ibilbidean zehar.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Elikagaien Bankua duela hamar urte hasi ziren elkarlanean "azken minutuko” programa garatzen, eta programa horri esker elikagaiak biltzen dira supermerkatuetan, elikagai-enpresetan eta Merkabugatin.  Honi esker, 2017. urtean 1.084 tona elikagai inguru bildu ziren, eta horietatik % 50 aprobetxatu egiten da, eta familia behartsuei ematen zaie. Horri dagokionez, Asensiok azpimarratu du Gipuzkoak Elikagaien Bankua osatzen duen pertsonen lanari esker, Gipuzkoako familia askoren beharrak asetzen direla.

Gipuzkoa erronka baten aurrean dago; izan ere, kalkulatzen da urtean 123.000 tona elikagai inguru xahutzen direla gure lurraldeko nekazaritzako elikagai katean (%23 xahuketari dagokionez eta %77 galerei dagokienez). Hala ere, ezaugarriak kontuan hartuta, elikagaien ekoizpen, eraldaketa eta banaketa faseek protagonismoa galtzen dute etxeen eta HORECA sektorearen aurrean. Lehen faseetako xahuketak (ekoizpena, eraldaketa eta banaketa) guztizkoaren % 30 hartzen du.

Ingurumeneko diputatuak lankidetza honek ingurumenari dagokionez duen garrantzia nabarmendu du, «bilketa egingo ez balitz elikagai kontsumigarri horiek zabortegira eramango liratekelako, eta horrek ingurumen eragin handia izango lukelako».

Gaur egungo kalkuluen arabera, mundu osoan gizakiek kontsumitzeko ekoizten diren elikagaien herena inguru xahutzen edo galtzen da, eta horrek kostu ekonomikoan eta ingurumenari lotutakoan eragina dauka. Gipuzkoan, zehazki, 123.000 tona elikagai xahutzen edo galtzen da urtero. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin batera hasi zen lanean 2007. urtean, herritarren artean “azken minutukoak” (galkorrak izan arren arazorik gabe kontsumi daitezkeen produktuak) gisa ezagutzen diren eta saldu ezin diren elikagai kontsumigarrien bilketa egiteko. Elkarlan emankor horri esker, azken urteetan 1.00.000 kilo elikagai inguru bildu eta banatu dira urtero, gutxi gorabehera, Elikagaien Bankuak biltzen duen elikagai kopuru osoaren %35a. Familia gipuzkoar askoren beharrak arintzeaz gain, arazorik gabe kontsumi daitezkeen elikagaiak hondakin moduan kudeatzea saihestu da, hondakinen hierarkiaren lehen mailari balioa emanez: Prebentzioari.

Ingurumeneko diputatuak nabarmendu du elikagaien zarrastelkeria klima aldaketaren aurka borrokatzeko “beste neurri bat” dela. “Alferrik galdutako elikagaiek herrialde bat osatuko balute, munduan berotegi-efektuko gas gehien sortuko lukeen hirugarren herrialdea izango litzake, Txinaren eta Amerikako Estatu Batuen ondoren. Horregatik, elikagaien zarrastelkeria arazo nagusietako bat bezala hartu behar dugu”, adierazi du Asensiok.

Jose Ignacio Asensiok gogora ekarri du janaria alferrik galtzean, kontsumitu gabeko elikagaia galdu ez ezik, «hura ekoizteko gastatu diren baliabide guztiak ere alferrik galtzen direla», esate baterako, lurraren erabilera, mantenugaiak, ura, eta elikagaiak ekoizteko, eraldatzeko eta garraiatzeko erabili den energia; halaber, berotegi efektuko gas-isurketak sortzen dira. «Ondorioz, elikagaiak alferrik galtzea arazo globaltzat hartu behar da, etikoki onartu ezina, sozialki bidegabea, eta ekonomia eta ingurumen aldetik eutsiezina», adierazi du Asensiok.       

Ingurumeneko diputatuak baieztatu du ekimen honi esker, ingurumen, ekonomia eta giza onura nabarmenak lortzen direla. “Soberakin hauen bilketa entitate emaileetan hondakin gisa kudeatzea ekidin egiten du, kostuak aurreztuz; gainera, produktu horiek botatzea saihesten da eta, azkenik, garrantzia handiko giza helburu bat betetzen da”, adierazi du Asensiok.