Beirateak zaharberritzea

Beirateak dekorazio elementu hauskorrak dira, eta asko hondatzen dira, besteak beste ibilgailuen trafikoak sortutako zarata eta bibrazioen ondorioz, baita zikinaren eta korrosioaren eraginez. Beirateak eraikinen kanpoaldean daudenean, horri guztiari euriaren, hezetasunaren eta haizearen eragina ere gehitu behar zaio. Horren ondorioz, beirateak ondo zaintzeko funtsezkoa da behar bezala konpontzea eta beharrezkoa bada, hondatuta dauden beira puskak berriz finkatu edo berritzea.

Lan horiek guztiek nahiko garrantzia dute maisu beiralari baten lanean. Izan ere, piezak berriz finkatu eta, batez ere, berritzerakoan, tekniken jakintza handia behar da, askotan iraganeko teknika asko ere ezagutu behar dira. Horrez gain, eskarmentu eta trebetasun handia behar da. Aipatu beharra dago, horrelako lanak aldamio gainean eta altuera handira egin ohi zirela, eta ondorioz, nahiko lanbide arriskutsua zela.

Beirateak behar bezala mantentzeko funtsezkoa da ondo garbitzea. Horri esker bakarrik mantendu daitezke egoera onean eta jakin daiteke zenbateraino dauden hondatuta. Bestalde, finkatze-teknikei esker, egitura nahiz beira edo berun hagaxkak egoera onean mantentzen dira. Lan hori egiteko, beiralariak lanbidearen jakintza sakona izan behar du. Izan ere, askotan beruna indartu behar dira, eta horretarako soldaketa berriak egin edo pieza zaharrak ordezkatu behar dira, askotan sendotasuna galdu baitute.

Pieza bat ordezkatu baino lehen, maisu beiralariek beiratearen analisi sakon bat egiten dute, eta beirate orijinalera behar bezainbeste egokitzen dute lana.

Zementuzko beirateetako zaharberritze eta ordezkatze lanak bereziki zailak izaten dira, piezak eta egitura oso erraz puskatu baitaitezke.