Crispin Mola Esnaola

Crispin Mola Esnaola bokazioko ontzi modelogilearen adibidea dugu. Donostian jaio zen 1929an, eta oso gaztetatik, zortzi-bederatzi urte zituela, zurezko lan errazak egiten hasi zen.

Bokazio honetan beharbada aitak zerikusia izango zuen, ezen Espainiako gerra garaian kartzelan egon zelarik horrelako lanetan hasi zen, denbora-pasa gisa edo, zurezko modelo txikiak eginez, eskura zeuzkan material eta lanabes urriak baliatuta.

Crispinek bere gaztetako bokazioari bizitza osoan zehar eutsi dio, eta 1985ean erretiroa hartu zuenetik Foru Aldundiaren inprentan inprimatzaile gisa berrogei urte eman ostean, egunean lauzpabost ordu ematen dizkio ontzi modelogintzari.

Crispín Mola EsnaolaNuestra Señora de la Asunción, 64 kanoiko ontzia, Crispin Mola Esnaolak 1998an eraikia (Egileak lagatako argazkia)

Eskulangile donostiar honek era guztietako ontzien modeloak egiten ditu, eta oinarritzat bere bibliografia eta erosten dituen planoen kopiak ditu. Dagoeneko ehun erreprodukzio baino gehiago egin ditu, eskala txikian, beretzako ez beste ezertarako, nahiz batzuetan saldu edo opari gisa ere erabili dituen.

Etxean bertan hamabi metro koadro inguruko lantegitxo bat du, eta modeloak egiteko makineria egokia ere bai, esate baterako leuntzeko edo zerratzeko tresnak erants diezazkiokeen tornu sinple bat, zinta-zerra bat, esmeril bat, mahaiko eta eskuko zulagailuak eta soldatzekoak.

Lanabesetako batzuk modelogileak berak egin baditu ere, gehienak merkatuan erosi ditu, sortu zaizkion beharren arabera. Lanabesen horien artean hainbat mota eta neurritako gubiak eta trintxak, sarjentak eta mazoak daude, besteak beste.

Produkzio prozesua beste ontzi modelogileek jorratzen dutenaren oso antzekoa da, nahiz adierazi beharrekoa den modelogile honek batean egiten dituela posible zaizkion pieza guztiak.

Crispin Molak erakusketa eta lehiaketa askotan hartu du parte, sari kopuru handia eskuratuz gainera. Bere obraren zati bat, saldu edo utzi duelako, Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioan –Aquarium- dago. Gainera, Fundazio honen Ontzi Modelogintzaren Historia Atalaren partaideetako bat da.

Fragata inglesaCrispin Mola Esnaolak 1993an eraikitako fragata ingelesa (Egileak lagatako argazkia)

Crispín Mola EsnaolaCrispin Mola Esnaola bere lantegian, ontzi baten modeloa egiten (Egileak lagatako argazkia).