Ignacio Cearreta Urruzuno

Zumaian ezin dugu itsasontzi modelogileei buruz hitz egin Ignazio Zearreta aipatzeke, zeren eta arte diziplina honetarako zaletasuna gauza ezezaguna zenean herrian, Ignazio ordurako hasia baitzen ingurukoak zein bestelakoak harri eta zur lagatzen bere trebezia eta talentuaz.

Erandion (Bizkaia) jaio zen 1919an, eta 10 urte zituela Zumaiara joan zen bere familiarekin. Ama zumaiarra zuen eta aitak, itsaspekaria baitzen lanbidez, kaiak eraikitzeko lanetan jardun zuen.

Eskuzko lanak egiteko zaletasuna oso umetatik garatu zuen, 1887an Cadizen egindako Nazio mailako Itsas Erakusketan ama aldeko aitaitak lortu zuen dominaren distiraz liluraturik nonbait. Unanue motore lantegian lanerako trebetasun handia erakutsi zuen, mekanikari lanetan.

Ignaziok, bere bizitzan zehar, 60 itsasontzi maketa baino gehiago egin zituen; hauen artean azpimarragarrienak Juan Sebastián Elcano eskola-ontziarena, Donostiako 1957ko Itsas Ferian saritua bera, eta San Felipe eta Victory galeoienak dira.

1969ko udan, Jose Kareaga pintore eibartarraren mihiseekin batera, Zumaiako Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren aretoan bere maketetako asko erakutsi zituen, eta goraipamen ugari bildu zuen orduan.

Ignazio Zearreta 1987an hil zen, 68 urte zituela, eta orduantxe amaitu zitzaigun modelogile bikain baten lan jarduera ederra.

Ignazio ZearretaIgnazio Zearreta eta bere emazte Maritxu Iraundegi eta alaba Marian, 1950 inguruan. Aurrean, Ignaziok eraikitako modelo bat (familiak lagatakoa).

Pascual Munoa OraaPascual Munoa Oraa, 1943an, San Juan Nepomucenoren modeloa eraikitzen (Kutxa Fototeka)