Emakumearen lanak

Emakumeak oso eginkizun garrantzitsua betetzen zuen ohiko harategietan, eta beti etxeko lanekin batera egin behar izaten zituen gainera harategiko eginkizun horiek.

Hiltegian odola jasotzeaz arduratzen zen, hala nola, urdaila eta hesteak garbitzeaz, gero horiekin odolkiak, txorizoak eta tripakiak egiteko. Lan horiek ohiz harategiaren atzealdean egiten zituzten, berariazko tresna eta tramankuluekin; esan gabe doa, horiek denboraren joan-etorriaz aldatuz joan direla. Emakumeak lan horietan erakusten zuen abileziaren arabera baloratzen zuten bezeroek harategia, eta askotan negozioaren arrakasta ekonomikoa horren baitan egoten zen.

Odolosteak egiten zituztenean harategiaren inguruan zabaltzen zen usaia jada oroitzapen bat baino ez da.

Ohiz harakin emaztea arduratzen zen bezeroekiko harremanetaz, edota txuletak eta xerrak prestatzeaz; harremanak beraz emakumeen kontuak izaten ziren eta harakina bere eginbeharretan aritzen zen. Diru kontuak ere, ganadua erostearenak izan ezik, harakin emaztearen ardura izaten ziren.

Baina legegileek ere azkar hasi ziren haragiak osasun publikoan izan zezakeen eraginetaz ohartzen zen; ondorioz, haragia behar bezala kontserbatzeko arauak ematen hasi ziren: tenperatura, aireztatzea, argi egokiak, eta abar. Salmahaia, lurra eta hormak ere marmolez edo azulejoz estaltzea eskatzen zen. Erakusmahaietan salgai jarritako produktuak alanbre sarez edo kristalez babestu behar ziren, eta kizkietatik zintzilikatutako haragi zatien gainean oihal zuriak jarri. Lege ordenamenduak (gure herrialdean 1940. urtearen inguruan hasi ziren egurrezko erakusmahaiak eta salmahaiak marmolezkoez aldatzen) agindutako guztia betetzeaz eta eguneroko garbitasunaz ere harakin emazteak arduratzen ziren.

Prezioei dagokienez, 1931n, txahalaren kilo bat xerrak 4,8 pezeta balio zuen, lapikoko haragiak, 2,1 pezeta, eta hezur haragi gabeak, 3 pezeta. Geroxeago, 1936an, kilo bat azpizunak 2,5 pezeta balio zuen; eta hori bera 1945ean 22 pezetatik 28 pezetara igo zen; ipurmasailaren xerrak 9,25 balio zuen eta gisatuak 5 pezeta. Salmenta libratan (430 gramo) eta kilotan egiten zen. Koarteroia (125 gramo) ere erabiltzen zen, hala nola, hiru laurdenak. Libra, azkenean, kilo erdiko (500 gramo) bihurtu zen.

Harakin emakumeaHarakin emakumea bere saltegian 1935. urte aldera (Kutxako fototeka).