Ohiko harategien etorkizuna

Harakinak ohiz ongi ikusiak izan dira. Herri txikietan harakinek haragiaren monopolioa izan dute, eta zubiarena egiten dute baserritarren eta kaletarren arteko harremanetan. Oro har, nahiko ondo ibili dira ekonomiaren aldetik.

Alabaina, ohiko harategien etorkizuna iluna da, beltza ez esatearren, batez ere haragia saltzeko modu berriak ezartzen ari direlako: saltegi handiak (gehienbat, super eta hipermerkatuak). Eustatek (Estatistikaren Euskal Institutua) emandako datuen arabera, bi urtetan bakarrik, hau da, 1997. urtearen hondarretatik 1999. urteko hondarretara, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako harategi, urdaitegi eta barruki denden kopurua % 20 gutxitu da, hots, 3.184 izatetik 2.553ra. Bizkaian izan da gutxitze nabarmena, % 25 gutxitu baitira (1.752tik 1.311ra); Araban, ordea, gutxitze hori ez da hain handia izan, % 5, 340tik 321era. Gipuzkoan gutxitzea % 15ekoa izan da, 1.092 harategitik 921era.

Bilakaera horretan zerikusi handia izan du haragiaren kontsumoak izan duen beherakadak (laurogei kilo ingurutik hirurogeita hamarrera) oso denbora gutxitan. Gainera gehien jaitsi den haragi kontsumoa abelgorriarena da, gure herrialdean gehien kontsumitu ohi dena, alegia. Haragi zaletasun horren beherakadan zerikusi izan dute, halaber, osasunaren gaineko informazio eta gomendioek.