Ohiko harakinaren eginkizunak

Hogeita hamarreko hamarraldian, ohiko harakinek, beste lanbide askotan bezala, eskarmentu handiko profesional baten ondoan ikasten zuten lanbidea; horri hitzartutako zenbateko bat ordaintzen zitzaion emango zituen irakaskuntzagatik.

Harakinaren negozioak arrakasta izan zezan, oso garrantzitsua zen abelburuak baserrian bertan erostea; erosketa horri "tratua" deitzen zitzaion. Horretarako, zenbateko bat hitzartzen zuten erraldeko (5 kg), betiere hil-pisuan; aberearen pisua jakiteko hiltegiko baskula erabiltzen zuten (batzuetan sabaitik zintzilikatuta zegoen baskula handi bat). Baserritarrek ere saltzen zieten tratanteei, eta holakoetan "neurri kordela" erabiltzen zuten ia beti abelgorria izaten zen animaliaren pisua jakiteko. Harakinek gehien eskatzen zuten abelburua, haragiaren kalitatea eta maneiagarritasuna kontuan izanik, 160/170 kg. ingurukoa zen, nahiz eta ganaduzaleak ahaleginak egin pisu handiagokoak ere saltzeko. Harakinak baserritarrari auzokideren baten bidez jakinarazten zion hilketaren eguna, eta baserritarra bera arduratzen zen aberea hiltegira eramateaz. Duela gutxira arte animalia hiltegira eramateko bide hori oinez egiten zen, eta horrek aldez aurretik aberea prestatu beharra eskatzen zuen, adibidez, hiru edo lau asteburuetan baserriaren inguruan bira batzuk emanaraziz. Hirurogeita hamarreko hamarkadara arte ohikoa zen gure herrietan baserritarren bat ikustea kaleetan zehar animalia soka batez loturik hiltegira eramaten.

Ganadu bat hil ondoren odolusten OsintxunGanadu bat hil ondoren odolusten Osintxun (Bergara) Karitate Egunean, 1944an (Javier Carballoren argazkiak).

Animalia hiltzea ez zen kontu erraza. Lehenbizi animalia ondo helduta eduki behar zen, ondoren burdinazko mailu batekin bekokian kolpatzeko; batzuetan behin baino gehiagotan kolpatu behar izaten zen animalia hiltzeko. Hirurogeita hamarreko hamarraldian zehar sastakai berezi bat erabiltzen hasi ziren (egurrezko kirteneko ganibet txiki bat); hori animaliaren garondoan ziztatzen zen kolpe batez, ondoren sastakaia mugitu egiten zen, ez gehiegirik ere.

Animalia hil ondoren, odolustu egin behar izaten zen. Lan hori lurrean egiten zen: jugularrean ganibeta sartu, paparraren azpian, eta hankaz zapaldu. Aldez aurretik, aurreko hankari lokarri batez eusten zitzaion, ezkerrekoa edo eskuinekoa animalia lurrera nola erori. Lokarriari atzeraka tiratzen zitzaion 5-10 minutu inguruz, eta aldi berean hanka hutsarekin gorpua zapaltzen zen atzeko hankaren eta magalaren artean, harik eta animaliaren odol guztia kanporatzea lortu arte. Odol hori tupina batean jasotzen zen (lehenago odola katilu batean jasotzen zen eta ondoren ontzi handiago batera botatzen zen) eta hor zegoela mugitu egiten zen, ez koagulatzeko. Eta hala egiten zen, odol hori odolkia egiteko behar izaten zelako.

Ondoren larrua kentzen zitzaion, lurrean bertan. Lehenbizi hanketakoa larrua kentzen zioten, eta ondoren sabel ondokoa. Horrela dagoela, animalia eseki egiten zen, betiere barrukiak kenduta (gutxiago pisatzeko); azkenik, gainontzeko larrua kentzen zioten. Hurrengo lana animalia goitik behera ebakitzea izaten zen, aizkora batekin bizkarrezurra mozten zioten animalia goitik behera erdibituz. Aberea handia bazen zati horiek bosgarren saihets ingurutik erdibitzen zituzten. Horren ondoren, pisatu egiten zuten, baserritarrari ordaindu behar ziotena zehazteko. Abereari burua kendu eta lau hankak moztu ondoren, berriro eseki egiten zuten, haragia airatzeko.

HarakinakXVIII. mendearen hondarretako harakinak, Diderot eta D’Alembert-en arabera. Bi harakin ageri dira, bata idia hiltzen, eta bestea, ahari bat zatitzen. Behealdean, lanbide honetan ohiz erabiltzen diren lanabesak.

Hiltegitik harategietara zinkez forraturiko gurdi batean eramaten zuen haragia harakinak berak edo udaleko langileren batek, betiere prezioa aldez aurretik hitzartu ondoren.

Haragia jada harategian, harakinak bere lanari ekiten zion, magala, txuletak, ipurmasaila, titiak, besokiak, hezur haragi gabea, eta abar prestatuz. Koipea ere urtzen zuten seboa ateratzeko, eta larrua, garbitu ondoren, lurrean jartzen zen lehortzen, zabaltzeko iltzeekin josiz.

Harakinek gehien erabiltzen zituzten erremintak honakoak ziren: mailutzarra, gero sastakaia, ganibetak, aiztoak, aizkorak, marrazak, zerra eta limak, azken horiek mozketak egitean kamustutako erremintak berriro zorrozteko. Haragia gaztaina enbor zati batean (oso gogorra) mozten zen. Egurrak gogorra behar zuen haragia eta hezurrak bertan kolpatzean txirbilik ez ateratzeko, bertan prestatzen baitziren txuletak, hala nola marrazarekin xerrak zapaldu, eta abar. Erremintak ibaitik jasotako hareharrian zorrozten ziren.

Udal albaitariak bi aldiz parte hartzen zuen; bata, aberea hil aurretik animaliaren egoera orokorra ikusteko, eta bestea, barrukiak atera eta haragia garbitu ondoren horiek aztertzeko.

Donostiar harakinaDonostiar harakina 1955. urtearen inguruan (Kutxako fototeka).