Neurri kordelak

Neurri kordelak funtsean hitzak berak adierazten duena baino ez dira: animaliak neurtzeko kordelak. Zatika-zatika markatutako soka hauek animalien (batez ere abelgorriak baina baita ere zaldiak) perimetroa neurtzeko erabiltzen ziren, berariazko luzera neurri batean oinarriturik. Neurri horrekin ateratzen zuten animaliaren pisua.

Baserrietatik gertuen zegoen baskularaino bide luzea egin behar zelako edota ganaduarentzat bideak egokiak ez zirelako, hasi ziren nonbait neurri kordelak erabiltzen, batez ere tratanteekin egiten zituzten tratuetan. Ganadua luzea eta lodia zenerako neurri aproposekotzat jotzen zen. Batzuetan, perimetroaren neurri horren arabera, animaliaren indarra ere neurtzen zuten. Idi probetan ere asko erabiltzen zen. Gaur egun eskulangintza azoketan saltzen da 1.000 pezetan bakoitza.

Neurri kordela izatez 227 zentimetroko luzera duen lokarri bat da. Ertz batean helduleku bat du eta 84 cm-ko zati bat. Hortik aurrera marka edo seinale batzuk jartzen zaizkio kordelari, hamahiru guztira; marka batetik bestera hamaika zentimetroko tarteak gordetzen dira; marka horiek kordelari lotuta doazen kolorezko hariak izaten dira: aurrena gorria eta hurrena berdea, horrela doaz gorria eta berdea txandatuz kordel osoa markatu arte. Bi marka gorriren arteko tarteari arra edo erra deitzen zaio. Hari berdeek arra erdi adierazten dute; tarte horri "laurden erdi"a edo "marra" ere deitzen zaio.

Neurri kordela egitenNeurri kordela egiten. (C.U. 03/2000).

Kordelaren luzera osoan zehar hari mehe bat biltzen da indarrez, kordelak gehiago iraun dezan eta gogorragoa izan dadin, betiere marken kolorezko hariak bistan utziz. Bi marken arteko tartea edo marra arra erdikoa izaten da eta laurden erdi ere deitzen zaio.

Neurri kordelak pertsona espezializatuek egiten dituzte, beste lanbide baten osagarri gisa. Ofizioa, ohiz, familiakoen artean eskualdatzen da.

Neurri kordela egiteko, alde batetik, lokarri mehe bat hartu behar da, paketeak lotzekoa, eta eman nahi zaion luzerakoa moztu, eta bestetik, hari zuria (cadena-10). Hori aldez aurretik egurrezko arrabola batean biltzen da. Arrabola horrek pieza metaliko bat izaten du alboan arteka batekin, bertan hari zuria sartu, bildu eta finko uzteko.

Egiten hasteko, hari zuriaren ertza lokarriaren ertz batean lotu eta bertan bildu behar da buelta batzuk emanez.

Bi eskutako atzamarrekin lokarriari helduz, artisaua horiek mugitzen hasten da, arrabola airean eta lokarriaren inguruan biratuz (bueltak emanez); hartara hari zuria lokarriaren inguruan biltzen hasten da. Haria lokarriaren inguruan bilduz doan heinean, askatuta dagoen haria gutxitzen hasten da, beraz aldizka-aldizka arrabolean bilduta duen hari zati bat askatu behar du eta berriro lokarrian biltzen hasi.

Markak adierazten dituzten kolorezko hariak lokarrira lotzen dira jostorratz batekin lokarriaren barruan sartu eta tinko lotu, mutur txiki batzuk bistan utziz. Horiek bata bestetik gorde behar dituzten tarteak eredutzat gordetzen den beste neurri kordel baten laguntzaz zehazten dira. Lokarriaren luzera osoa hari zuriz estaltzen denean, gogor lotzen da eta neurri kordela amaitutzat jotzen. Lan honek hasi eta amaitzeraino ordu bete inguru behar izaten du.

Aberea neurtzeko, kordelak bizkar eta bular guztia inguratu behar du; horretarako, kordela animaliaren aurreko hanka tartetik sartzen da, alde batetik atera, bizkar gainera bota eta beste aldetik hartu. Hala, animaliaren bular pareko perimetroa neurtzen da. Seinalerik gabeko zatiaren ondoren datorren lehen marka gorriak 4 arra adierazten du, eta hortik aurrera hasten dira kontatzen ondoren lortzen diren marka guztiak. Horrela hartutako neurriari laurden erdia kentzen zaio, animaliak duen ilearen loditasuna konpentsatzeko.

Horrela neurtzen den gorputz perimetroaren eta animaliaren pisuaren artean ez dago erlazio zuzenik, pisuan nolabait animaliaren egiturak ere baduelako zerikusi. Alabaina, horrela hartutako neurria datu lagungarri bat da animaliaren gutxi gorabeherako pisua kalkulatzeko. Bada, neurri horrek ematen duen pisuaz eta nork berak ikusten duenaz jasotzen den informazioa erreferentzia izaten da aldez aurretik behin betiko prezio bat finkatu behar denean.

Hala, batez beste 7 1/2ko perimetroa ematen duen aberearen pisua 46-48 erralde ingurukotzat jotzen da, eta 8 arrako perimetroa duenarentzat, 64-65 erralde.

Baserritarrek sistema hau erabiltzen dute loditzeko dituzten abereen pisua kontrolatzeko.

Neurri kordela zaldien eta astoen pisua neurtzeko ere erabiltzen da. Horretarako, kordelaren ertz bat hanketako kaskoaren gainean jartzen da eta kordela gainetik bularreraino eramaten. Hola hartutako neurria hartzen da animaliaren erreferentziatzat.

Ganadua neurtzenGanadua neurtzen (C.U. 03/2000).