Kaxa hamonikoa egitea

Luthierren lan garrantzitsuenen artean aipagarriak tapa, hondoa eta giderra egitea dira, baita instrumentu oso muntatzea ere.

Gaur egungo artisau fabrikazio prozesuan, nahi den modeloa aukeratu ondoren, txantiloiak erabiliz patroi bat egiten dute. Jarraian, kola naturalak eta sarjentuak erabiliz, sei ziri jartzen zaizkio. Bestalde, uztai edo albokoa (1,2 mm-ko lodiera duena), zuakerra edo faxa izenez ere ezagutzen dena, egiteko, lehen esan dugu astigar zura erabiltzen dela.Egurra busti ondoren, lurrunez berotzen da eta nahi zen forma ematen zaio, jarraian patroi eta zirietara kolatzeko.

Biolinaren hondoa bi piezatako izaten da (nahiz eta pieza bakarrekoa ere izan daitekeen), eta kola naturalak erabiliz lotzen dira. Horretarako, bi piezak patroiaren gainean jartzen dira, horrela ingerada mugatu eta pieza nahi zen neurrian mozteko. Jarraian, pieza gubiekin arbastatu ondoren, luthier arrabotekin ia azken akabera ematen zaio. Horrela, luthierrak kanpoko ganga egiten du, eta jarraian hortzak erabiliz amaitzen du. Kanpoko kanaletan listela jarri behar da (instrumentua babestu eta edertzeko balio du), eta horretarako galga berezi bat erabiltzen du luthierrak. Jarraian, barruko ganga lantzen du, baita tapak bibratzeko behar diren lodiera ezberdinak ere. Bi lan horietarako kanpoko ganga egiteko erabilitako tresna berak erabiltzen ditu.

Tapa edo estalkia egiteko prozesua hondoarenaren antzekoa da, baina barneko galga egin ondoren, bi "efe" zizelkatzen ditu. Tapari barra harmonikoa itsasten zaio, horrela zurruntasun handiagoa emateko eta soinua hobeto zabaltzeko. Horretarako pordoiaren lekuan (soka baxuenaren lekuan) itsasten da.

Jarraian, patroia, ziriak eta kanpoko uztaiak kolaz hondoan itsasten dira. Horretarako kola naturalak eta sarjentuak erabiltzen dira. Jarraian patroia kentzen da (barnean ziriak geratzen direlarik) eta luthierraren etiketa barnealdean itsasten da. Gero tapa kolatzen da, eta horrela erresonantzia-kaxa edo kaxa harmonikoa bukatuta geratzen da. Azken pausoa kaxaren ertzak borobiltzea da.

Andoni IñarraAndoni Iñarra eta Laura Vicario, Biolinak egiten dituzten lantegian. (Argazkia Bernardo Corral/El Correo).

Laura VicarioLaura Vicario, arima jartzen. Atzean, Andoni Iñarra. (Argazkia Bernardo Corral/El Correo).