Maria Carmen Lasagabaster

Maria Carmen Lasagabaster Padilla, “Amaia” goitizenaz ezaguna, zortzi anaietako zazpigarrena zen. Herri Eskolan ikasi, eta 1938. urtean, 13 urterekin, umezain hasi zen, hiru xentimoren truke

Bere ahizpa Ana Maria erraketista zen. Eta Mari Carmenek harreman estua izan zuen jarduera horrekin. Hilabetez Astelenako eskolan ikasten jardun ondoren, Madrileko Aduana kalean zegoen Chiqui-jai frontoira joan zen, erraketista profesionalen eskolekin jarraitzeko.

Lehen pilotakadak bere ahizparekin eman zituen Txancha-zelai frontoian, garaiko eibartar askoren antzera.

1940ko urriaren 2a izan zen Maria Carmenen debut-eguna. Lekua, Chiqui-jai frontoia. 15 urte zituen. Partidak 25 tantora antolatzen ziren egunero, bi ordutan: lauretan eta gaueko hamarretan.

Goizeko hamaiketan jokatzen zen egunak ere bazeuden. Emakume erraketistek kinielatan parte hartzen zuten, ondorioz, 2-3 partida jokatu beharra izaten zuten egunean, frontoietan ordu asko igaroz.

Partida horietan egiten ziren apustuak frontoien euskarri ekonomikoa ziren.

Maria Carmen LasagabasterMari Carmen Lasagabaster "Amaia" erraketista, Bartzelonako Principal Palacio frontoian. 1950. urtean.

Maria Carmen, Bartzelonara joan zen 1945ean, bertako Principal Palacio frontoian jolastera. 1955ean ezkondu zen, Rodolfo Gimenez Pradarekin (Lizeoko eta Orkestra Sinfonikoaren klarinetista bakarlaria). Hala ere, egoera berri horrek ez zuen jokalariaren kirol-ibilbidea eten, eta Bartzelonan jarraitu zuen, bertan zeuden beste hiru frontoietan (Chiqui, Condal eta Colon). Maria Carmen 1975. urtean erretiratu zen, Principal Palacio itxi zutenean.

Alkandora eta gona zuriz janzten zirela oroitzen du, gerriko gorriz edo urdinaz. Kinieletan, berriz, gona zuriz eta alkandora gorriz edo urdinaz. Gerrikoa, alkandoraren arabera. Emakume erraketisten artean, Paz Echeverria eibartarra nabarmentzen du, baita abeslari izan zen “Lolilla” galiziarra ere. Erraketista moduan aritu zen urteetan gauza txar gutxi oroitzen ditu. Hala ere, momentu zailak pasa zituen, hala nola, frontoietan entzun behar izaten zituzten irainak eta erraketak eskuineko eskuan sortu zion maskur galanta .

Durangoko Arte eta Historia Museoak 2009an argitaratu zuen Las raquetistas liburua oso lagungarri izan zaigu. Egileka diren Jose Maria Urrutiari eta Javier Sagastizabali, argazkiak utzi izana ere eskertu nahi diegu.