Emakume erraketistak

Berrogeiko hamarkadan erraketistaren lanbideak neska gazteak erakartzen zituen. Arrazoietako bat izan daiteke beraien eguneroko bizimoduek erraketistaren bizimoduarekin zerikusi handirik ez zutela. Bidaiatu, mundua ezagutu...

Hasieran aritu ziren emakume erraketistak Deba Behekoak (Eibar, Ermua, Mallabia) eta Durango aldekoak ziren (Abadiño, Iurreta). Gero Donostia, Tolosa eta Urola bailarako erraketistak gehitu zitzaizkien, eta azkenik beste hainbat lekutakoak ere bai. Frontoiak ustiatzen zituzten enpresek eskolak irekitzen zituzten. Jose Agustin Larrañagak dioenaren arabera, Eibarren hiru eskola egon ziren era berean lanean (Astelena, Isasi kaleko Caminero eta Munizipala). Berdina Tolosako Beotibarren, Zarautzen, Errenterian eta Madrilen. Frontoi bakoitzean bere berezko estiloa erakusten zen.

Garai hartan, erraketistak eskola ordaindu beharra zuen, baita beharrezkoa zuen materiala ere (erraketak, pilotak, arropa). Jokalekuaren alokairua ere beraien kontura egiten zuten.

Frontoietako enpresek egunean bi jaialdi antolatzen zituzten; arratsaldez eta gauez. Ondorioz, erraketistek beraien lanorduak luzatzen zituzten, derrigor. Ezinezkoa da jokalarien soldata zehazki zein zen jakitea. Aitor Acha Domañok (Cardenal Cisneros Unibertsitateko irakaslea) egindako lan bikainean datu hauek aurkitzen ditugu: berrogeiko hamarkadan, erraketista amateur batek hilean 300 pezeta irabazten zituen. Urrutia eta Sagastizabalek egindako ikerketen ondorioz, erraketista onak zirenak, hilean 3.000 pezetako ordainsaria jasotzen zutela dakigu. 2.500 eta 3.000 pezetako bataz bestekoa.

Berrogeiko hamarkadan, Habanako frontoian aritzen zen jokalari ospetsuenak, goi mailako figurak, hilean 30.000 pezeta irabazten zituela dio Aitor Achak. Agustina Otaola Zapianek Mexico D.Fko Metropolitano, S.A enpresarekin sinatu zuen kontratua ere ikus dezakegu. 1960ko abenduaren 30ean sinatuta dagoen kontratu horretan, 3.600 $-ko (216.000 pezeta) ordainsaria adosten da. Orduko egunkari batek argitaratu zuen, 1961ean erraketista on batek, Espainian, 16.000 pezeta irabazten zituela hilean.

Historia del frontón femenino a través de la vida de Agustín Otaola. Egilea: Aitor Acha Domeño. Jarduera Fisiko eta Kirol Zientziatan doktore. Madril, 2006.