Agustina Otaola

Agustina Otaola Zapiainek (Errenteria, 1931) jaioterrian burutu zituen lehen mailako ikasketak. Victoriano “Chicho” bere anaiarekin, oso gazte hasi zen pilotan, etxeko negozioa zutenaren paretaren kontra hasieran eta gero herriko batzokiko frontoian. Berrogeiko hamarkadaren hasieran, Irungo frontoi bat ustiatzen zuen enpresa-gizon batek proba egin zion.

Gainditu, eta erraketista izateko eskolak jasotzen hasi zen. Ibilbidea ez zitzaion zaila egin Agustinari, izan ere bere lau osaba jarduera horretan aritzen ziren. 15 urte zituela, Madrilgo “Madrid” (“la bombonera” bezala ere ezaguna zena) frontoian debutatu zuen, Agustina izenarekin. Modalitate horretako jokalari onenak han bertan aritzen ziren.

Agustinak berak azaltzen digunez, "partidak binaka jokatzen genituen. Batzuetan hiru biren kontra aritzen ginen, edo pilotari bakar bat biren aurka. Azken hori gertatzen zenetan, jokalari Irura izan ohi zen, eta, noski, hari irabazterik ez zegoen".

Partidak hasi baino lehen jokatzen zen kiniela. Apustulariek "irabazlearen" eta "aldez aurrez jarriaren" alde egin ohi zuten.

Agustina OtaolaEmakume erraketistak Habanako La Habana-Madrid frontoian. 1920 inguruan.

Gogor egin zitzaion familiatik urrun bizitzeak, eta horri joko profesionalera egokitu beharra gehitu behar zaio. Ahalegin eta konstantzia handia eskatzen zizkioten. 1946ko otsailaren 16an, Federazioaren baimena eskuetan, profesional gisa debutatu zuen. 15 urte zituen. Hasiera batean, eta ohi zenez, “iragarri ere egiten ez ziren” partidetan jokatzen hasi zen. Azkar egin zuen aurrera baina, eta lana “bikoiztu” egin zitzaion, arratsaldez zein gauez jokatzen hasteko.

Sei pilotari irteten ziren jokalekura, bakoitza zenbaki batekin soinean, batetik seira bitartean. Zenbaki altuena zeraman jokalaria, guztien artean onena omen zen, eta alderantziz. Zenbakiaren hurrenkeran sailkaturik irteten ziren jokora. Lehenengoak eta bigarrenak elkarren aurka jokatzen zuten. Galtzailea irten eta hirugarrena sartzen zen. Horrela aritzen ziren, baten batek 5 tanto egin eta kinielaren irabazle bihurtzen zen arte. “Aldez aurrez jarria”, berriz, beste bost jokalarien artean tanto gehien egiten zituena izaten zen.

Agustinak bizi izan zuen bilakaera profesionala oso garrantzitsua izan zen. Bi hamarkadetako jokalari nabarmenetakoa izatera iritsi zen. Izaera eta duintasun handiko profesionala izan zenak, aurrelari jokatzen zuen, eta ateratzaile bikaintzat jo zuten. Garaiko komunikabideek behin eta berriz ematen zuten Agustinaren berri. Irura eta Anoetako Chiquitarekin bat, "garai guztietako emakume erraketista handiena" izendatu zuten, 1971. urtean ospatu zuten festa miresgarri batean.

Agustinak, Madrilgo “Madrid” frontoian aritu zen bereziki. Hala ere, hiru denboralditan Bartzelonan jokatu zuen “Principal Palacio” frontoian, eta bat Chiqui-Jain. Izen handiko jokalaria izaki, 1955ean Habanako “Habana-Madrid” frontoiko enpresak kontratatu zuen; iraultza kastristak egonaldia etetea behartu zuen ordea. Horrez gain, Mexiko D.F.ko Metropolitano S.A enpresarekin ere sinatu zuen, nahiz eta ez zen bidaiatuko herrialde hartara. Profesionala izan zen bitartean, frontoi desberdinetako eskaintzak jaso zituen.

Agustina 41 urte zituelarik erretiratu zen, 1967an, emakume erraketista bezala, jarduera biziko ibilbidea burutu ondoren.