Ontziak eraikitzeko prozesua

Armadorea edo bezeroa ontziolara iristen zen, nahi zuen ontziaren ideia orokor batekin. Ontziaren luzera zein zen aipatzen zuen, baita zertarako erabili nahi zuen eta ezer gutxi gehiago.

Datu horietan oinarrituta, maisuak krosko erdiaren edo osoaren egurrezko maketa bat egiten zuen. Horretarako, egurrezko paralelepipedo bat egiten zuten, torlojuen bidez lodiera bereko lau ohol elkartuz. Ziri horren gainean kroskoa zizelkatzen zen, nahi zen forma emanez eta gehienetan 1/20ko eskalan egindako tamainan. Lerro eta forma aerodinamikoak arotzaren iritzira egiten ziren, horrek aldez aurretik egindako ontziekin zeukan eskarmentua baliatuz. Informazio hori guztia ez zuen inon apuntatzen, dena buruz zekien.

Maketa hori eskuz egiten zen, arrabota eta trintxa erabiliz. Jarraian, ondo lixatzen zen eta ondoren oholetatik torlojuak atera eta banandu egiten ziren. Horrela, emaitzan, oholek kroskoaren profilak hainbat mailatan erakusten zituzten.

Ondoren, ohol horietako bat paper baten gainean jarri eta arkatz batekin bere profila inguratzen zen. Jarraian gauza bera egiten zen beste oholekin, eta gero marrazki guztiak bata bestearen gainean jartzen ziren. Horrela hainbat mailatako oinplanoa eskuratzen zuten, oholen lodieraren araberakoak.

Oinplano horretan oinarrituta, oholen lodierarekin bat zetozen lerroak luzatzen joaten ziren. Bi lerroak elkartu edo ebakitzen ziren gunean, hasierako marrazkiaren alde bat lortzen zen, eta beste bat zeharkako ebakidurarekin. Eragiketa hori beste ebakidura edo atalak lortzeko errepikatzen zen, eta horrela ontziaren zeharkako lodiera eta forma guztiak eskuratzen ziren, hau da, ontzia osatzen zuten zuaker edo gaztelu ezberdinen forma zehazten zen. Sistema beraren arabera, ontziaren luzerako atala edo ebakidura eta horren formak ere eskuratzen ziren. Maketa egiteko gutxi gorabehera egun bat behar izaten zen, eta planoak egiteko, berriz, egun bat baino gutxiago.

Ontziolako arotzakOntziolako arotzak, kroskoaren azala jartzeko lehen pausoak ematen. (kutxa fototeka).

Ontzi baten kroskoa eraikitzeko prozesuaren itxuraOntzi baten kroskoa eraikitzeko prozesuaren itxura, dagoeneko nahiko aurreratua. 1920ko hamarkada. (kutxa fototeka).

Jarraian, egurrezko ohol handi bat hartzen zuten, eraiki nahi zuten ontziaren luzera eta zabalera berekoa zena. Oholaren gainean ontziko pieza bakoitza marrazten zuten, planoko tamainan oinarrituta, baina eskala behar bezala handituta. Ondoren, marrazki horiek behar bezalako tamainan kopiatu ondoren, egurrezko ohol finean egindako zuaker ereduak egiten zituzten, benetako tamainan. Eredu horiek benetako zuakerrak egiteko erabiltzen ziren. Horretarako, zinta-zerrarekin zuakerrak egiteko pieza ezberdinak moztu eta elkar-iltzatzen ziren.

Forma bikaineko ontzi bat egitea lortzen bazuten, egurrezko eredu horiek gorde eta txikitu edo handitu egiten ziren, horrela forma bereko ontziak egin ahal izateko, baina tamaina txikiagoan edo handiagoan.

XVI, XVII eta XVIII. mendean, ontziak egiteko erabiltzen zen printzipioa, hau da, ontziaren luzera zabalera hiru aldiz bidertuz kalkulatzea, eta gila berriz, zabalera bikoiztuta, kasu askotan duela gutxi arte mantendu da Euskal Herriko kostaldeko egurrezko ontzigintza artisauean.

Ontzia muntatzen hasten zirenean, lehenbizi gila egiten zuten. Horretarako, egurrezko habe bakar bat erabiltzen saiatzen ziren. Habe horrek 30 x 32 cm-ko ebakidura izan zezakeen eta eraiki nahi zen ontziaren luzera izaten zuen. Nahi zen luzerako zuhaitzik aurkitzen zen bazen, bi enbor lotzen zituzten galbanizatutako tirafondoen bitartez.

Habe horren gainean, mutur batean ontziaren txopari forma ematen zion korasta edo egitura-pieza muntatzen zen, eta beste muturrean, ontziaren brankari forma ematen zion bularra. Jarraian, zuaker guztiak muntatzen ziren ontziaren gilarara iltzatuz. Iltze horiek 180 mm-ko luzera eta 12 edo 13 mm-ko lodiera izatera iritsi zitezkeen. Ontzi handienetan, erdialdeko zuaker bakoitzak 300 kg pisatu zitzakeen, eta gehienetan ontzioletan garraio-baliabide gutxi izaten zirenez, piezak muntatu behar ziren lekutik gertu osatzen ziren.

Jarraian, ontziaren egitura osatzen zuten pieza guztiak muntatzen ziren: besteak beste gilagaina, tirafondoekin elkartua; iltzeekin lotutako eten-uhalak; ontziaren alde batetik bestera zihoazen bragerrak eta habeak, honi zurruntasuna emanez. Horien gainean kubierta muntatzen zen.

Trankanilak eta txarrantxak jarri ondoren, kroskoaren azala egiten hasten ziren. Azal horrekin kroskoa estaltzen zen. Egurrezko oholak luzeran jartzen ziren, ontziaren zuakerretan iltzatuta, horien kurba nahiz formara moldatuta.

Hori zela eta, egurrezko oholek zuakerren araberako kurba izan behar zuten. Hori lortzeko, sarjentuak eta ziriak erabiltzen zituzten, ohola bultzatuz, hori behar bezala kurbatu eta deformatzeko. Lan hori hainbat langileren artean egin behar izaten zuten.

Brankako eta txopako oholekin kurba zailagoak egin behar zirenez, lehenbizi oholak egosi egiten zituzten, horrela, ondo bigundu ondoren, beren lekuan jarri eta forma edo kurba errazago har zezaten. Azala egiteko, oholak ontziaren goiko eta beheko aldean jartzen hasten ziren, eta kroskoaren erdialdea bukaerarako uzten zen. Bertan, azken oholak zehaztasun handiz jartzen zituzten. Kroskoaren azala egin ahal izateko, arotzek egurrezko aldamioak muntatzen zituzten kroskoaren inguruan, eta oso ohikoa zen arotzak aldamio gainean lanean ikustea. Oholak iltzeekin lotzen ziren zuakerretara.

Zumaiako arrizabalaga y olascoaga ontziolaZumaiako arrizabalaga y olascoaga ontziola xx. mende hasieran. Ikus daitekeenez, bi ontzi eraikitzen ari ziren. (kutxa fototeka).

Pasai Donibaneko san rokeko ontziolanPasai Donibaneko san rokeko ontziolan, ontzi bat ureztaratzen, 1919an. Ontziolako langileek polea eta soka bidezko sistema batekin bultzatzen zuten ontzia itsasorantz. (KUTXA FOTOTEKA).

Jarraian, ontziaren kubierta muntatzen zen aurreko sistema bera erabiliz, hau da, egurrezko oholak iltzatuz. Lan hori bukatzean, ontzi barruko konpartimentuak egiten hasten ziren.

Kroskoari azken ukitua emateko, zurruntasun handiagoa emateko pieza ugari jartzen zitzaizkion.

Jarraian, ontzia istinkatzeari edo galapeta egiteari ekiten zitzaion, hau da, kroskoa iragazgaizteari. Horretarako, azaleko oholen arteko tarteak ixten ziren (askotan 0,5 cm arteko tarteak izan zitezkeen) iztupa edo kotoizko zuntzak erabiliz. Horretarako, lehenbizi kotoizko zuntz sorta txikiak egiten zituzten, gero oholen tartean jartzen zituzten, trintxa (punta zabaleko zizelaren antzekoa) mailu batekin kolpatuz.

Batzuetan, tarte horiek erabat ixteko masilla erabiltzen zuten, eta jarraian pintura-geruza bat ematen zitzaion, iztupa erabat gogortu eta kroskoa erabat iragazgaizteko. Istinkatze lanak oso garrantzitsuak eta erantzukizun handikoak izaten ziren. Izan ere, istinketak zehazten zuen egurrezko kroskoaren estankotasuna, eta ondorioz, ontziaren eta haren tripulatzaileen segurtasuna. Ontzi bat ez bazen ondo istinkatzen, ontzia uretaratzean bertan ura sartzen zela konturatzen ziren, eta ondorioz, ontzia berriz lehorreratu behar izaten zen, tarteak ondo itxi eta akatsak zuzentzeko.