Ontziolako arotzak

Ontzioletako arotzek era guztietako lanak egin behar izaten zituzten: mendian zuhaitzak aukeratu, hauek zerraz moztu, pieza ezberdinak fabrikatu, horiek mihiztatu, krosko osoa eraiki eta baita hori istinkatu edo junturak iragazgaiztu. Kasu askotan, lanbidearen ezagutza aitarengandik semeengana igortzen zen, eta beste askotan, ofizial adituek beren ontziolak irekitzen zituzten.

XIX. mendera arte, askotan ontziaren diseinatzaile zein zuzendariak marinelak eta armadoreak ere izaten ziren. Ontzioletako arotzek, berriz, esku-lana egiten zuten. Baina handik aurrera ontzioletako-arotzak berak hasi ziren ontziak diseinatu eta eraikitzen, bezeroak hasiera batetik ezarritako datu batzuetan oinarrituta.

Maisua, gehienetan ontziolaren jabea, ontzigintzan aditua izaten zen, eta ontzien forma nahiz tamainak soberan ezagutzen zituzten. Halaber, ontziaren eraikuntza zuzentzeaz gain, esku-lana ere egiten zuen.

XVI. menderako, ontziolako arotzek, ofizial aditu baten ondoan ikasten zuten lanbidea, ikastun gisa. Ikastaldia 14 urterekin hasten zuten, batzuetan baita 12 urterekin ere, eta askotan bi aldeek kontratu bat sinatzen zuten.

Ontziola batOntziola bat 1920ko hamarkadan, ontzi bat eraikitzen ari ziren bitartean. (kutxa fototeka).

ontziola bateko instalazioakUsadioz, ontziola bateko instalazioak nahiko bakunak izan dira, aldamio ugariz eta batez ere egurrez beteta. (Kutxa Fototeka).

Duela gutxi arte, lanbidea era berean ikasi izan da, eta ezagutza handitu heinean, ikastunak lan munduan aurrera egin izan du. Eskarmentu handiko arotz batek bazekien ontzi baten pieza guztiak egiten eta muntatzen. Horrez gain, ontziak ondo nabigatzeko eta segurua nahiz errentagarria izateko behar zituen forma eta neurriak hartzen ere bazekien. Batzuetan, hasiera batean hartutako ezaugarriak aldatu behar izaten ziren, berriak egokiagoak baitziren.

Arotz bakoitzak bere erreminta-kaxa izaten zuten, eta horrez gain, baimena izaten zuten soberan zeuden egur puskak eta ezpalak etxera eraman eta horrela sua egiteko.

Orokorrean, beren soldata baxurako arrantzaleena baino apalagoa izaten zen. Hala ere, soldata finkoa izaten zen, eta ez zen arrantza-garaiak zekartzan zalantza eta aldaketen araberakoa izaten.

1970eko hamarkadatik aurrera, gure kostaldeko ontzioletako arotzak poliki-poliki desagertzen hasi ziren. Izan ere, baxurako ontziak egiteari utzi zitzaion, batez ere egurrezkoak, eta aldaketa horrek lanbidea krisira eraman zuen. Harrez geroztik, arrantzarako ontzi garrantzitsuenak eta arraste-ontzi guztiak metalezko kroskoarekin eraikitzen dira. Egurrezko ontzi txikien ordez, besteak beste txalupa motordunak eta txanelak, poliesterreko kroskodun ontziak erabiltzen hasi dira.

1975 aldera, arotz artisau gutxi batzuk geratzen ziren jardunean, gehienak ontziak konpontzen aritzen zirenak. Gaur egun oso gutxi geratzen dira jardunean.

Clemente Goldazarena Donostian jaio zen 1888an. Lanbidez ebanista zen, eta ontziolako arotz gisa Pasai San Pedroko Andonaegi ontziolan hasi zen lanean. Gero, handik atera eta bere ontziola jarri zuen Orion, eta azkenik 1932an, Pasaian. 1935etik aurrera, ontzigintzan bakarrik aritu zen. Bertan egiten ziren ontziek 8 eta 10 metro arteko luzera izaten zuten, 2,5 eta 3 metro arteko zabalera eta 1,5 metroko eskora. Ontziola hartan 23 langile izatera iritsi ziren. Bere seme Luisek, 14 urte zituela ekin zion lanbidea ikasteari bere aitarekin. Lanbidean 1970 arte jarraitu zuen, ontziola itxi zen arte, Izan ere “ez ziren ia egurrezko ontzirik egiten, eta ez zegoen ezta horrelako ontzirik egiten zekienik ere”. Ontziola hartan 60 ontzi eraiki zituzten, eta horietatik 44 nahiko garrantzitsuak izan ziren.

Halaber, Jose Migel Elizondo, 1860an jaio zen Orion. 14 urte zituela ontziolako arotzaren lanbidea ikasten hasi zen Bilbon, eta handik bere jaioterrira itzuli zen bere ontziola jartzera. Bere seme Manuelek ontziola handitu egin zuen, 12 langile izatera iritsiz, eta bertan arrantzuntzi ugari eraiki zituzten Orio, Donostia eta Hondarribirako. Gutxi gorabehera 30 tonako ontziak egiten zituzten, baina batzuetan, esaterako 1964an eraiki zuten Mater Inmaculada ontziaren kasuan, 120 tonakoa izan zen. Bere seme Vicente eta bere biloba Eduardok jardueran jarraitu zuten. Ontziola horietan ofizial askok eskarmentu handia hartu zuten, eta handik atera zirenean kostaldeko hainbat herritan beren ontziolak ireki zituzten.

Lanbidea ikasteko beste era bat, dagoeneko eskarmentu handiko arotzak ontzigintzan espezializatzea zen. Hala izan zen Manuel Galarragaren kasuan. 1934an, Jose Maria Laskibar ontziolako arotzarekin elkartu eta ontzi txikiak egiten hasi zen. 1914an, Manuel Urbietarekin bazkidetu eta Beduan ezarritako ontziolan arrantzuntziak eraikitzen hasi ziren, 14 langile izatera iritsiz. 1974 arte, azken ontzia uretaratu zuten arte, guztira 115 ontzi eraiki zituzten: baxurako 62 ontzi eta 40 arraste-ontzi.