Erabilitako materialak

Habeak eta ontziaren kroskoa osatzen duten piezak egiteko, arotzek moztu gabeko zuhaitzak erosten zituzten inguruko mendietan. Zuakerrak edo beste pieza okerrak egiteko, antzeko forma zuten zuhaitzak aukeratzen zituzten. Gilatarako, berriz, enbor luze eta zuzenak behar izaten zituzten. Prezioa adostu ondoren, arotzek zuhaitzak moztu eta ontziolara eramaten zituzten.

Orokorrean, gilak, zuakerrak, korastak eta bularrak, hau da, ontziaren egitura osatzen zuten piezak haritz egurrez egiten ziren. Habeak akazia egurrez egiten ziren. Egur hori ere ontziola inguruko mendietan erosten zen; eta azala pinu edo Gineako egurrez egiten zen. Azken hau, eskarmentuaren ondorioz, lan horretarako oso egokia zela ikusi zen. Egur enborrak ontzioletara iristean, eraikitzen ari ziren kroskoaren tamainaren arabera zerratu behar ziren. 

Egurra usteldu ez zedin, haritz egurra uretan edukitzen zen ontziolaren ondoan, hilabete batetik bi urtera arte, kasu batzuetan. Horrela tratatutako piezekin, urarekin kontaktuan egoten zen kroskoaren atala egiten zuten, hau da, azpikoa. Kroskoaren goiko atala, berriz, aire zabalean lehortutako egurrarekin egiten zen.

Orokorrean, ontziolako arotzen ustez, enborra moztu zeneko urtaroak eta ilargi-aldiak eragin handia zuen egurraren iraupenean.

XVI, XVII eta XVIII. mendeetarako, Euskal Herrian ontziak egiteko sinatzen ziren kontratuetan, horretarako behar ziren zuhaitzak noiz moztu behar ziren zehazten zen.

Ontziolako azken arotzek kontu handiz aukeratzen zuten zuhaitza mozteko eguna, eta nahiz eta guztiak erabat ados ez egon, gehienen ustez, zuhaitzak mozteko garai onena irailetik martxora arteko hilabeteak ziren, eta epe horren barne, ilbeheran, nahiz eta ilargi-aldia espeziearen arabera alda zitekeen.