Ontzigintza, tekniken garapena

Dinamismo hori guztia teknika aurreratu batekin eraikitako ontziterian garrantzitsuan zegoen oinarrituta. Teknika hori XII. mendean garatu zuten itsasgizon ilun batzuek, Normandiarrek erakutsitako Eskandinaviar tekniketan oinarrituta. Hala ere, XII. mendean, berezko diseinu berritzaileak egiten hasi ziren, atlantikora egokituak.

Ontzigintzako teknikak garatzen joan ziren, eta horrela, XIV. mendean, korasta-lema asmatu zen euskal kostaldean. Lema hori ontziaren erdian lotzen zen ontziaren txopara, eta horrek ordura arte erabiltzen zen alboko arrauna ordeztu zuen. Horrela ontziaren norabidea errazago kontrolatzen zen. Aipatu behar da Europako industrian oso asmakizun garrantzitsua izan zela. Garai hartan, 600 edo 700 tonako ontziak eraikitzen ziren. XVI. mendean, euskal ontziteriaren eta marinelen une gorenaren garaian, 1.200 tonako ontziak egitera iritsi ziren.

Ontzigileek, ontzia diseinatzeaz gain, horiekin ere nabigatzen zuten. Hori zela eta, teknika enpiriko eta esperimental ugari ezagutzen zituzten.

Oso irizpide bakunen arabera (ontziaren luzera, zabalera hiru aldiz bidertuta kalkulatzen zen; eta gila, berriz, zabalera bikoiztuta), eta oinarrizko materialak erabiliz (besteak beste ereduak eta galiboak) ontzi motz, zabal eta tripandiak eraikitzen zituzten, oso ontzi gogorrak eta marinelak, zamarako, merkataritzarako eta ibilbide luzeetarako aproposak.

XVII. mendean ontzigintza tekniken garapen hori moteldu egin zen, XVIII. mendeko lehen herenean berriz ere bizkortu zen arte.

Garai hartan, ontziak oraindik marinelek eraikitzen zituzten. Horien artean ezaguna zen Antonio de Gastañeta Mutrikuarra, marinel eta ontzigintza-ingeniaria. Lanbidean 14 urte zituela hasi zen, bere familiaren eta ingurukoen ezagutzak bereganatuz. Oso ontzigile ospetsu eta berritzailea izan zen, bere lanak planotan marrazten baitzituen, eta horrez gain, ontzien kroskoa diseinatzeko sistema geometriko bat erabiltzen baitzuen, 1722an Proporciones de las medidas más esenciales para la farbicación de navíos lanean argitaratu zituenak. Ontzigintza zibilean izan zuen eraginak XIX. mende hasiera arte iraun zuen. Mende horren azken herenerako burdinazko kroskodun ontziak egiten hasi ziren, eta poliki-poliki, egurrezko ontziak arrantzarako eta kabotajerako bakarrik utzi ziren.