Historia pixka bat

Antzinako herrietan, gizakiak kolorezko lumak erabiltzen zituen apaingarri, eta gorputza tonu desberdineko marrazkiz estaltzen zuen. Ehunak egiten eta tindatzen hasteak aldaketa handia ekarri zuen, eta hainbat zibilizaziotan, txinatarrean esaterako, zetaren kolore batzuk klase nagusientzat erreserbatuta zeuden. Gauza bera esan dezakegu purpura koloreari buruz, apaiz kristauei eta, neurri txikiagoan, erregeei lotuta baitago, eta boterea irudikatzen baitu. Horretarako koloratzailea izen bereko molusku baten tintatik ateratzen da, eta historian zehar oso estimu handia izan du, eta baita oso prezio altua ere, gaur egun bezalaxe.

Antzeko zertzeladetan gertatzen den bezala, tindatzearen artearen hasieran gizakiak, ehunei kolorea emateko, landare-produktu koloratzaileak erabiltzen zituen, inguruan eskuratzen zituen produktuak alegia, ahalegin txiki batez eskuratzeko modukoak eta batez ere klima beroetan ugari zirenak. Amerikara iristeak tindatzeko materia berriak ekarri zituen berekin.

Antzinako Erroman, tindatze-lana garapen handiko lanbidea izan zen, gremioak eratu zituzten eskulangile elkarteen bultzadaz. 1292an, Parisen ziren 130 inguru lanbideak modu korporatiboan zeuden antolatuta; ehungintzaren industrietakoak 19 ziren, eta tindatzaileak 17. XVIII. mendearen erdialdean hiru gremio zeuden, “goi mailako tindatzaileena”, “maila txikiko tindatzaileena” eta zeta, artile eta hariaren tindatzaileena. 1766an bakar-bakarrik tindatzaile maisuen semeak onartzen zituzten tindatzailemutil.

Francisco AzkargortaFrancisco “Patxi” Azkargorta Guisasola. (Argazkia: Martín Garcia Garmendia).

Tindatze-lana Italiatik hedatu omen zen Europako beste herrialdeetara, horixe behintzat orokorrean onartutako iritzia, baina Espainia salbuespena izan zen, arabiarrek eraman eta hedatu zuten-eta bertan jarduera hau.

Erdi Aroan, tindatzaileak halako mesfidantza giro batez inguratutako gizarte taldea izan ziren, batez ere Europa kristauan, eta garai hartako erregelamendu zorrotzek tindatze-lana erreserbatzen bazieten ere, etengabeak izan ziren beraiei zegozkien arloetan sartzen zitzaizkien beste batzuekiko liskarrak, batez ere oihalgile, ehule eta larruginekikoak. Azken hauen kasuan, gainera, liskarrak maizko ziren, uraren erabilera eta ibaietako uraren kalitate txarraren gaineko ardurak zirela eta.

XVII. mendearen erdialdean, tindatzearen arteak oso bultzada sendoa hartu zuen, bai beste herrialde batzuetara ere zabaldu zen frantziar legeari (J.B. Colbert) bai jarduera honen gainean piztutako interes zientifikoari esker. Kimikaren garapen handiak eta ondoren etorritako industrializazioak gaur egungo tindatze-lana ekarri zuten.