Tindatzea eta prozesua

Etxean arropa tindatzen zenean, arroparik arruntenaren kasuan zinkezko barrinoi handi bat erabiltzen zen, erabilera askotarako izaten zen bat, ezen arropa garbitzeko edo haurrak bainatzeko izan zitekeen; sukalde- gainean jarri, urez bete eta berotu egiten zen. Tenperatura egokia hartzen zuenean, lortu nahi zen kolorearen arabera beharrezko tindatze produktuak gehitu, eta makila batez arropari eragiten zitzaion bertan; ozpina eta gatza ere botatzen zitzaizkion, koloreak distiratsuago ateratzeko eta hobeto finkatzeko. Tindatzeko produktuen hornitzaile ezagunenetako bat Iberia marka izan zen. Jantziak tindatzeko beharrezko denbora igaroa zela irizten ziotenean, arropa bihurritu eta eseki egiten zen.

Zerbitzu publikoko tindategiak, normalean horietara eramaten ziren berokiak eta trajeak, handi samarrak izaten ziren, eta bertan ikus genitzakeen 1,6 m inguru garai eta 1 m inguru diametroko upelak edo tinak, zurezkoak gehienetan, uztaiz hornituak, tindatze-lanak egiteko erabiltzen zirenak. Artilezko arroparen kasuan letoizko ontziak erabiltzen ziren. Eta horiek berotzeko, hodi batean zehar upel eta tinen beheko alderaino iristen zen lurruna erabiltzen zuten.

Oinarrizko lehengaiak Bartzelonan erosten zituzten, enpresari alemaniarren kontrolpean zegoen “Unicolor” enpresari batez ere. Eta “delikatuenak”, berriz, Munich (Alemania) eta Sandozen (Suitza). XX. mendeko berrogeita hamarreko urteen hamarkadan, praka batzuk tindatzeagatik 18 pezeta kobratzen zituzten.

Arropa tindatzenEtxean arropa tindatzen. (Irudia: Yulen Zabaleta).

Prozesuak, funtsean, fase hauek zeuzkan:

  • Arropa xaboi likidoz garbitzen zuten, eskuilak erabiliz marruskadura handiena jasaten zuten alderdiak igurzteko (lepoak, eskumuturrak eta praka-barrenak).
  • Bigarren barrika batean uretan eragin behar zen arropa, gatz, azido azetiko eta sodio kloruroz, eta barrika batetik bestera ura aprobetxatzea ere ohikoa zen.
  • Tindatze-lanak beste ontzi batean segitzen zuen, aurrez prestatuta baitzegoen kolore bakoitzak behar zituen produktuez.
  • Arropa paretetan esekitzen zuten, behar bezala jasoz, eta denbora jakin bat igaro orduko tokiz aldatuz.
  • Lehortu ondoren lisatu egiten zuten, lehenbizi “ikatz-plantxa” deitu hura erabiliz; burdinurtuzko kaxa txiki bat zen, hiru bat kilo eta itxigailu bat zeuzkan bat, eta barruan ikatz txingarrak sartu behar zitzaizkionez nahiko zikina ere bazen. Beste kasu batzuetan, barruan egurra eta ikatza sutan zeuzkan ontzi batean berotzen zuten lisaburdina tindatzaileek. Praka pare bat lisatzeko, lisaburdina bost aldiz berotu beharra ere izan zitekeen. Geroago, tresna garrantzitsu hauek hainbat jardueraren arabera moldatzen joan ziren, besteak beste tindatzaileen jarduerara egokitzearren.