Ostolazatarrak, kapelaginak ameriketan

Ascensio Ostolaza markinarra eta Segunda de Zabala senar-emazteek Valladolidera jo zuten guda karlistatik ihesi. Han, 1875eko abenduaren 15ean horien seme José Manuel jaio zen eta hamabi urte geroago (1988.01.29) Bilbon horren anaia Francisco.

José Manuel geldiezina eta dinamikoa zen, eta ikasle bizitzara ongi egokitzen ez zenez, lehendabizi merkataritza jarduerari ekin zion, besteren kontura, eta geroago merkantzi untziterian sartu zen. Kubako gerran ere parte hartu zuen soldadu gisa eta gerra bukatzean Mexikora joan zen.

Puebla Estatuko Tehuacan hirian bi urte lanean eman ondoren, indioekin negoziatzen hasi zen eta gremioan “kapela gorputza” izenez ezagutzen zirenak erosi (buruz behera jarritako ontzi moduko batzuk, lastoz eginak) eta saldu egiten zituen, batez ere Estatu Batuetako nekazariei. XX. mendearen hasieran negozioak bazuen nolabaiteko garrantzia, eta dagoeneko Estatu Batuetan lehenengo bulegoa irekia zuen. Geroxeago, 1910. urtean, “Mexican American Hat Company” konpainia sortu zuen St. Louis Missourin. Hori izan zen Estatu Batuetan kapelak egiten espezializatutako lehenengo konpainia. Arduraduna, Francisco Ostolaza, hiru urte lehenago Mexikotik iritsia zen.

Ostolaza Zabala familiaren enpresaren industria eta merkataritza jarduerak arrakasta ekonomiko itzela izan zuen, eta negozioa garai bakoitzean eman ziren aldaketen arabera egokitzen jakin zuen. Francisco Ostolazak berak 1970. urtean honakoa adierazi zuen: “Lehendabizi mando gainean ibiltzeko kapelen salmenta galdu genuen, animalia horien ordez traktoreak nagusitu zirenean. Amerikako nekazarien lana mekanizatu zenean nekazaritzan aritzen zen gizon kopurua murriztu egin zen. Gari-jotzaile talde bakoitza 30 gizonez osatua zegoen. Horien ohitura zen uzta garaia bukatzean lastozko kapelak kendu eta balak egiteko makinara botatzea, eta guk beti pentsatu izan genuen oso ohitura ona zela”. Ostolazatarrek sortutako enpresak oraindik lanean dihardu.

Ostolazatarrek mezenasgo lan handia egin zuten hezkuntza, kultura eta asistentzia arloetan. Hiltzean ere testamentuan utzitako fondoei esker zeregin horiekin jarraitu ahal izan zen.

Donostiako Elenaren kapelategia 30eko hamarkadanDonostiako Elenaren kapelategia 30eko hamarkadan. (Kutxaren Fototeka).