Ilearen elaborazioa

Kapela mota ugari egiteko iledun feldroa (filamentu horren konglomeratu eho gabea) da oinarrizko materiala. Material horren elaborazioa tradizioz prozesu luze eta astuna izan ohi da.

Erabili diren ileen artean, hainbat animaliarenak ditugu, hala nola kastorea, gamelua, bikuina, untxia eta erbia. Ile horiek bakarrik eta nahastuta erabili izan dira, lortu nahi den feldro motaren arabera, eta oso komenigarria da sabelaldeko ileak eta bizkarraldekoak bereiztea, kalitate desberdina dute eta.

Ileak normalean ez du izaten feldro bihurtzeko behar den disposizioa, eta hori dela eta “kizkurtu” egin behar izaten da. Horretarako, antzina malba zuri eta zolda-belar handiarekin infusioa egiten zen eta bertan sartzen ziren larruak; geroago, merkurio nitratoa oinarri zuten hainbat nahasketatan hasi ziren sartzen. Nahasketa horietako edozein aplikatzeko, larruak mahai edo asto baten gainean zabaltzen ziren eta basurde ileko orraze biribil batez orrazten ziren. Orrazea disoluzioan bustitzen zen gutxienez luzeraren bi herenak ongi busti arte. Larruak merkurioz egindako nahasketan ongi blaituta zeudenean, binaka elkartzen ziren, ilea ilearen kontra, merkurioaren eragina larru osoan berdina izan zedin. Ondoren berogailu batean lehortzen ziren, azkar. Azkar egitea oso garrantzitsua zen kizkurtzea ongi ateratzeko. Disoluzio horrekin ileak intentsitate desberdineko urre-hori kolorea hartzen zuen, larru zatiaren arabera.

sei marrazkiJulen Zabaletaren sei marrazki, feldrozko kapela bat nola egiten den erakusteko.

Larruak lehortutakoan ohearen aldetik bustitzen ziren berriro, kare uretan bustitako belaki batez, eta binaka elkartzen ziren bustitako aldetik. Jarraian, metro erdiko altuerako piloetan metatzen ziren, eta horien gainean harriak jartzen ziren larruak haien artean ongi zanpatuta, hezetasuna hobeto sartzea lortzeko asmoz. 12-15 ordu pasatuta larruak bigun eta leunak gelditzen ziren. Orduan lehortu egiten ziren. Ondoren orraztu egiten ziren ilearen noranzkoan errazago moztu ahal izateko. Hasieran larruak labana batez mozten ziren, baina gero horretarako propio egindako makina erabili zen.

Moztutako ileak sarritan larrutik erauzitako partikula organikoekin nahastuta egoten zirenez, banatu egin behar izaten ziren putzegile bat erabilita. Lortu nahi zen produktuaren kalitatearen arabera jatorri ezberdineko artile kantitate txikiak gehitzen ziren, eta ondoren kardatu eta harrotu egiten zen (lan hau “artile astintzaileak” egiten zuen) lurrean jartzen zen marko malgu finko baten laguntzaz. Ilea soka batez zeharkatua zegoen zumezko ehun trinko batean kokatzen zen, eta bibrarazi egiten zitzaion nahasteko asmoz. Azkenik, markoari kolpe bortitza emanez feldro geruza lortzen zen.

Javier Carballoren lau argazkiJavier Carballoren lau argazki feldrozko kapela bat nola egiten den erakusteko.