Feldrozko kapelak egitea

Luis Pirla García (1921) gure herrialdeko kapelagin adituenetako bat da. Artisauak esaten duenaren arabera, lanbide honek beste hiru lanbideren ezagupenak eta trebetasunak behar ditu: jostunarenak, hau da, oihalez egindako jantzietan espezializazioa izateko; ehulearenak, ileen tratamenduetan aditua izateko; eta kapelak egiten dituenaren trebetasunak, lehen lisatzaile izenez ezagutzen genituenarenak, alegia. Trebetasun horiek garrantzi ezberdina dute egin nahi den kapelaren arabera. Oinarrian kapela horiek feldrozkoak, lastozkoak edo oihalez egindakoak izan daitezke.

Feldrozko kapelak egiteko (bere motako kapelen artean garrantzi handia dute) kapelaginek aspalditik erosten zuten merkatuan kapela itxura zuen feldroa (kanpai baten antzeko itxura zuena). Hornitzaileak asko ziren (orain dela 25 urte arte 25 zeuden gutxi gorabehera), eta horien artean azpimarratzekoa zen Sevillako Industrias Sombrereras Españolas enpresa, hiru enpresen arteko fusiotik sortua. Gaur egun feldroa beste herrialde batzuetan erosten da, Brasilen esaterako.

Lehenengo egin beharreko lana feldroaren barrualdean aprestua ematea da (onena goma-laka uretan edo alkoholetan nahastea da). Horretarako antzina espartin baten zola erabiltzen zen. Aldi berean urez betetako belaki bat eta 3,5 Kg-ko plantxa bero-bero bat elkar ukitzen dutela jartzen dira. Lehen egur ikatza erabiltzen zen horretarako, baina geroago hiri-gasa edo butanoa baliatzen hasi ziren. Horrela lortzen den lurrin kantitate handia feldroarekin estaltzen da , ehuna heze, bigun eta beroa geratu arte. Ondorengo fasean feldroa orkoi egokiaren gainean jartzen da eta behealdetik eskuz luzatzen joaten da hormaren inguruan ongi estutu arte, “arrastoan sartu” esaten zaion operazioa. Lan horretarako feldroa behin eta berriro presionatu eta luzatu egin behar da. Kapelaginak tamaina eta forma desberdineko kapelak lortzeko molde ugari erabiltzen ditu, berrehun inguru. Lehen egurrezko moldeak egiten ziren, baina gaur egun erabilienak aluminiozkoak dira, beroa askoz hobeto gordetzen baitute.

Kapelaren itxura lortutakoan artisauak neurrira egokitzeko soka hartzen du (kopa eta hegalaren arteko forma emateko) eta “valoire” izeneko tresna erabilita nahi duen altueran kokatzen du.

Geratu diren pleguak kentzeko oihala “ilargi erdiaren” laguntzaz lisatu eta atari zabalean edo berogailu baten ondoan jarrita lehortu arte itxaron behar da. Jarraian, kapela “hegal orkoiaren” gainean jartzen da (lehenago kapako orkoia), feldroa erdiko zuloan sartu eta lehortzen utzita. Ondoren hegala nahi den tamainan mozten da rondisoire izeneko tresnaz, eta apaingarria, zinta, ardilarrua eta forrua jositakoan erabiltzeko prest dago.

Kapelaginek erabil izan dituzten tresnen artean azpimarratzekoak dira burdin urtuzko xaflak, “lisuar” izeneko egurrezko tresnak (armatzeko), orkoiak, “hormillon” izenekoa eta konformatzeko makina. Azken tresna hori buru gainean jarrita kapelaginak buruaren forma hartu dezake eta paper batean irudikatuta (arearen hamarren batean) kapela egin. Tresna horietaz gain, honakoak ere beharrezkoak izan dira: metalezko uztaia, kuxinak, hegalak egiteko lerroa, “caldela” eta “baluar” izenekoak eta zabaltzeko makina, besteak beste.