Etorkizun zaila

Kapelaginen jarduera aspalditik dago desagertzeko arriskuan, batez ere bi arrazoirengatik: Alde batetik, ohiturak aldatu egin dira eta, ondorioz, kapelak gero eta gutxiago erabiltzen dira; bestetik, banan-banan egindako jantziak ez dira lehen adina estimatzen, eta aitzitik beste herrialde batzuetan egiten diren produktu estandarrak gero eta gehiago erabiltzen dira, askoz merkeagoak direlako. Horren guztiaren ondorioz, artisau hauen tailerrak errentagarriak izatea zaila denez, beteranoek erretiroa hartu arte mantentzen dituzte, baina seme-alabek jarduera komertzializaziora bideratzen dute.

Hainbat kapelaginek emandako informazioaren arabera, 1960. urtean Euskal Herrian sei kapelagin zeuden, horietako hiru Bilbon, gizonezkoentzako kapelak egiten espezializatuak; emakumezkoentzako kapelak egiten, berriz, kapelagin gehiagok ziharduten. Jardueran eman den garapenak prezioetan ere izan du isla. 1983ko urtarrilean egin zioten elkarrizketa batean Luis Pirla Garcíak honakoa adierazten zuen: “feldro malguz egindako kapela batek 1936. urtean 27 pezeta balio zituen eta oinetako batzuek 25. Egun (1983. urtea) kapelak 3.200 pezeta balio du, eta oinetakoek 5.000 pezeta inguru”. Harrez geroztik joera negatibo horretan ez da aldaketarik eman.

Horiek horrela, esan dezakegu usadiozko  kapelaginaren figura ia desagertu egin dela. Modak baldintzatzen dituen ohituretan erabateko aldaketa eman ezean (ez du ematen horrelakorik gertatuko denik)  betirako galduko da hamarkada luzeetan zehar hiritarren artean ospe handia zuten artisau hauen jarduera.