Elgoibar-Azkoitia-Elgoibar posta

Elgoibartik Azkoitirako joateak edo bueltako bidea egiteak oztopo handi bat gainditu beharra dauka: Azkarate gaina igo eta jaistea. Garraio baliabideak hobetu ziren arte, eta duela gutxi errepidea hobetu zuten arte, bide horretan joan-etorriak egitea arrunt astuna eta neketsua gertatzen zen pertsona eta merkantzientzat.

Segur asko XIX. mendearen erdialdera bazegoen garraioren bat, gutxi-asko erregularra, Azkarate zeharkatu eta Deba eta Urolako ibarretako herriak lotzen zituena. Baina, bi herri horien arteko lotura 1887ko irailean iritsitako trenaz lortu zen, eta ordutik aurrera herritarrak eta merkantziak trenaz baliatu ziren batetik bestera joan-etorriak egiteko.

Telesforo Zabaleta Agirregomezkorta (Elgoibar, 1892) hamabi urterekin hasi zen lanean Elgoibar-Azkoitia-Elgoibar arteko posta-gurdian edo diligentzian laguntzaile gisa. Oso gazte zelarik arduratu behar izan zuen pertsonak eta paketeak eramaten zituen sei zaldiko diligentziaz arduratzen. Kanpoaldean eserita, aurreko partean, garai hartako bide zailetan zehar ibili behar izaten zuen Azkaratek: Kurutzeta baserrira iritsi, hiru zaldi aldatu eta maldan behera abiatu, bere helmugara iritsi arte. Arratsaldean itzulerako bidea egiten zuen, berriro erreleboa eginez.

DiligentziaHonela gogoratzen du Julen Zabaletak bere aita Telesforok Elgoibar-Eibar-Elgoibar artean erabiltzen zuen diligentzia.

Urte-sasoiak hala eskatzen zuenean, Altzolako bainuetxean (ekainaren 15etik irailaren 15era arte irekitzen zuten) lan egiten zuen, handik jendea, batez ere madrildar eta aragoar bainu zaleak (“txiza ezinekoak” deitzen zieten erdeinuz) Debara eramanez. Bilbotarrek nahiago zuten harako ostera irailean egin.

Garraioak eta bideak hobetu zirenean, iragan mendeko lehen hirukoan, La Guipuzcoana autobusak hasi ziren animaliaz tiratutako diligentziaren ordez bidaia horiek egiten. Telesforo Zabaletak egoera berrira egokitu beharra izan zuen eta hemezortzi urterekin atera behar izan zuen ibilgailu motordunak gidatzeko baimena. Garai hartan ohikoak ziren arropekin jantzirik (plater-kapela eta mantal zuria belusezko eskutokiekin, botak eta azpantarrak) Antonio Barrutiaren Chevrolet-arekin hasi zen taxilari lanetan, eta 1927. urtetik aurrera, Elgoibarko mediku ospetsu Ignazio Arrillagaren txofer aritu zen.

Azkoitian eta Azpeitian egiten ziren abarketen azpiak edo zolak egiteko erabiltzen zen jutea, gehienbat, Indiatik ekartzen zuten, “Kalkuta”tik jendeak esaten zuen bezala. Jutea fardel edo bloke handietan iristen zen Bilbora itsasoz, hortik gero trenez Elgoibarrera bidaltzeko eta han biltegietan gordetzeko. Elgoibartik Azkoitira bidaltzen zuten, Azkaraten gora, lau idiko gurdietan; gero Hispano-Suiza kamioiak etorri ziren horien lekua hartzera. Urolako trena 1926ko otsailean abian jarri zutenean, juteak Azkoitirako bide guztia trenez egiten zuen.