Turkua, Soraluzeko karreterua

Antonio Plazaola Mujika, ‘Turkua’ goitizenez (Eskoriatza, 1887-06-25. Soraluze, 1969-11-08), pertsonaia ospetsua izan zen ez bakarrik Soraluzen, baita Eibarren ere. Ospe horren lagun izan ziren, alde batetik, bi herrien artean egiten zuen lana: “karreterua”; eta bestetik, umeei bere izena aipatze hutsak sortzen zuen ikara eta beti laguntzeko prest egoteko izaera.

Munduan kultura askotan izan dituzte mito eta pertsonaia batzuk (errai-ateratzailea, hamalau zakua, eta abar) gurasoek beren umeak ikaratzeko erabili dituztenak. Soraluzen era bazen holako gizon beldurgarririk: ‘Turkua’. Gizon horrek bere borondate osoz bete zuen paper hori, iragan mendeko berrogeita hamarreko hamarraldiaren erdialderaino. Bere irudi beldurgarria indartzen zuen, gainera, agintzen zizkioten paketeak eramateko ohiz sorbalda gainean erabiltzen zuen zakua.

Ohiz, umeren batek bere gurasoek esandakoa betetzen ez zuenean edota platerean jarritakoa jaten ez zuenean, gurasoek ‘Turku’ari esango ziotenaren mehatxua egiten zioten umeari. Berak gaizto itxura hori emateko ahaleginak egiten zituen gainera, eta kalean zeharkatzerakoan umeak harrapatzeko keinuak egiten zituen. Ezagutu zutenek edota bere berri izan zutenek bat datoz ‘Turku’aren nortasuna goraipatzean.

Garai hartako langileek ohi zuten bezala janzten zen beti: atorra zuria eta mantala (batzuetan gris kolorekoa, egurrarekin lan egiten zutenen antzera; edota itsas-urdina, leuntzaileen erara) eta buruan txapel beltza, txapelaren azpitik ezinbestean xerloa bistan. Abarketa beltzak edo urdinak ere maiz erabiltzen ziren; igandetan zuriak ordea, eta eguraldi txarra egiten zuenean, zurezko eskalapoiak, punta larruz estalitakoak. Euria ustekabean hasten zenean, emakumeak fabriketara joaten ziren beren familiakoei eskalapoiak eramatera. Asturias edo Galiziako “almadraña” delakoak eta eskalapoiak antzekoak badira ere, eskalapoiek ez dute “almadraña” asturiarren hiru irtenguneak azpian; eskalapoiak erabat lauak dira.

Antonio PlazaolaAntonio Plazaola ‘Turkua’ bere gurdi eta zaldien alboan. (Julen Zabaletaren marrazkia).