Katillutarrak, egokitze eredu

Pedro Zabaleta Eguren Markinako (Bizkaia) Iruzubieta auzoko Katillutxueta baserrian jaio zen 1898an. Handik Eibarrera joan zen bizitzera eta han Calbeton kalean, herri barruan, zegoen ikaztegi batean hasi zen lanean ikatza eta egurra banatzen zaldiz tiratutako gurdi batean. Aldi libreetan lantegien artean piezak banatzen hasi zen. Garai hartan, lehen ere esan dugun bezala, lan hori oso garrantzitsua zen, armen fabrikazioa, batez ere luzeena, deszentralizatuta zegoenez pieza bakoitza lantegi desberdinean egiten baitzen.

Beste askotan gertatu ohi denez, lan osagarria, kasu honetan arma eta osagaien garraioa, lan nagusi bihurtu zen, ikatzaren eta egurraren banaketa albo batera baztertuz. Pedro Zabaletaren kasuan gainera garrantzi handia hartu zuen bigarren eginkizun honek, Zabaletak produktu zein merkatuaren arabera egokitzen jakin zuelako, baita aita hil ostean bere semeek ere: Jose Mari (1929) eta Roberto Zabaleta Ozamiz (1934) anaiak.

Zabaletatarren negozioari ‘Katillunekoa’ deitzen zioten, Pedro jaio zen baserriaren izena laburtuz.