Portuko pilotuak

Portuko pilotuen edo praktikoen funtsezko eginkizunak gaur egun, iraganean bezala, ontziak porturatu, atrakatu eta kanporatzea da, betiere indarrean dauden arauetan ezarritako segurtasun mailarekin.

Eskarmentua duten pilotuek uste dute premiazkoa dela osasun ona edukitzea, batez ere baldintza fisiko eta ikusmenari dagokionez. Izatez, pilotuek aldiro-aldiro azterketa medikuak egin behar izaten dituzte, osasunez daudela ziurtatzeko. Bestalde, naretasuna eta trebetasuna behar dute arriskuak egoki neurtzeko eta batzuetan gertatzen diren egoera zailei aurre egiteko. Funtsezkoa da zona ondo ezagutzea, hala nola inguruabar meteorologikoak, korronteak eta mareak. Gainera, ingelera hitz egiten jakin behar dute, komunikazioetan aginduak argitasunez eman ahal izateko.

Nazioarteko Itsasketaren Erakundeak (OMI) ikasketa plan bat proposatzen du tokian tokira egokituz, itsas portuetako pilotu baimena emateko eta egun jardunean ari  diren pilotuak premia berrietara egokitzeko. Alabaina, estatu bakoitzari dagokio itsas portuetako pilotuen ikasketak antolatu eta arautzea.

Jakina, urteen poderioz pilotuen prestakuntzak aldaketa nabarmenak izan ditu. Antzina, lan egin behar zuten lekua ezagutzea baino ez zuten eskatzen. Gaur egun, Itsas Administrazioari badagokio ere praktiko edo pilotu izan nahi dutenek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak eta titulazioa zehaztea, 1.000 GT-tik (gross/tonnage) gorako ontziak gidatzen aritutako merkataritza itsasketako kapitain titulua eduki behar dute, proba teorikoak egin ahal izateko. Proba horiek ohiz balizatze sistemei, argi eta seinaleei, itsasarteei, ibilbideei, trafikoaren antolakuntzari, mareei eta sakontasunei, ainguratokiei, nabigaziorako lagungarriei, komunikazioei, maniobrei eta atoiontzien erabilera ezagupenei buruzkoak izaten dira, betiere lan egin behar duten zonara egokituak.

Behin eta proba horiek gaindituz gero, urtebete inguruko praktikak egiten dituzte jardunean ari diren beste pilotu batzuekin batera lan eginez